Landaberriko ikasleen irisgarritasun eta segurtasun eza salatu dute ikastetxeko ordezkariek udalbatzarrean

Maddi Zaldua 2019ko ira. 10a, 18:37

Ikasturtea hasi bezperan, arazoari irtenbiderik aurkitu ezinean agertu da Lasarte-Oriako Udala. Arazoaren erantzule Donostiako Udala dela defendatu du Jesus Zaballos alkateak

Landaberriko zenbait ikaslerentzat uste baino mugituagoa izan da ikasturte berriaren hasiera. Zubietako eraikinera igotzeko aldaparen eta eskailaren egoera txarra dela-eta (horrela ziurtatzen du Lasarte-Oriako Udalak duen txosten geologiko batek), horietarako sarbidea debekatu du udalak. Eskailaretatik ezin du inork igaro, eta aldapatik, berriz, oinezkoentzako tarte bat bereizi duten arren, autobusek  zein autoek galarazita dute sarbidea. Hori dela-eta, autobusak aldapa hasieran, errepidean, utziko ditu gazteak, eta, segurtasuna bermatzeko asmoz, Arrapide pasealekuan trafikoa erregulatzea eskatu du Landaberriko Guraso Elkarteak. Asteleheneko ohiko udalbatzarra baliatu dute horretarako. 

Galdera eta erreguen tartean atera dute gaia EAJko eta EH Bilduko ordezkariek, eta publikoan bildutako eskolako ordezkari ezberdinek ere, ikasturtea hasteko bezperan, egoerarekin kezkatuta, irtenbideak eskatu dituzte. "Gure 500 haurren segurtasuna dago jokoan, eta eskatzen duguna da, ikastetxera sartzeko eta bertatik irteteko ordu jakinetan udaltzaingoak bertako autoen joan-etorria kontrolatzea".

Jesus Zaballos alkateak azaldu die, ordea, Lasarte-Oriako udaltzaingorik ezin daitekeela bertara joan trafikoa erregulatzera. Lur eremu hori, Donostiako Udalarena da, eta "bertako udaltzaingoen ardura da trafiko lanak egitera joatea". Donostiako Udalak, ordea, "pertsonalik ez duela" erantzun dio eskaerari, eta hor korapilatu da arazoa.

Zaballosek jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalak udaltzaingoa bidaltzeak arrisku handi bat dakarrela: "gure udaltzaingo bat joan ezkero, prebarikazio  kasu baten murgilduta egon gaitezke, eta horrek zigor bat ekarriko luke niretzat". Pasaiako alkatearekin gertatutakoa ere ekarri du gogora.

Kudeaketa kaskarra
EH Bilduk salatu du udara hasi aurretik, erakundeak arazoaren jakitun zirela, eta udara amaituta "inork" ez duela ezer egin: "ikastetxeari, gurasoei eta udaleko alderdi politikoei irailean eman zaie arazoaren berri, eta irtenbiderik eman gabe hasi dugu ikasturtea".

Horren aurrean, udalak arazoaren aurrean izan duen "kudeaketa negargarria" ere salatu du, eta Lasarte-Oriako 500 haurren segurtasuna eta irisgarritasuna herriko udalaren ardura dela nabarmendu du.

Horri, alkateak erantzun dio ekainaren 7az geroztik aritu direla Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin eta Donostiako Udalarekin arazoari irtenbide bat exijituz, eta eurak direla "ezer" egin ez dutenak.

EAJk ere argi azaldu du arazo hau "hobeto" bideratu zitekeela. Egoerari aurre hartzeko Lasarte-Oriako Udala, Donostiako Udalarekin eta Hezkuntza delegaritzarekin mahai baten inguruan ez eseri izanak kezkatzen du alderdia.

Luze eztabaidatu dute gaiaz asteleheneko plenoan, baina, ez dute irtenbiderik lortu azkenean, eta etsipena ere sumatu ahal izan da Landaberriko ordezkari eta alderdi politikoen artean.

Trafikoa itxita
Astearte goizean, Zubieta eraikinera gerturatu da Txintxarri aldizkaria egoeraren lekuko izateko. Irakasleekin batera, PSE-EEko eta EAJko hainbat ordezkari bildu dira bertan, arazoari momentuko irtenbide bat emateko. Autobusak iritsi ahala, ziurtatu dute haurrak segurtasunez igo direla ikastetxe atariraino.

Eguerdian, berriz, bazkalorduan, egoera zertxobait  aldatu da. Arrapide pasealekuaren bi muturrak itxi ditu udalak. Jesus Zaballos alkateak eta Agustin Valdivia zinegotziek hesiak jarri dituzte pasealekuko bi sarreratan, ikasleak ikastetxetik autobusera sartu bitartean autoen garraioa saihesteko. 

Hori da egoeraren aurrean udalak hartu duen jarrera eta horrela jakinarazi dute: "Donostiako Udalak arazoari irtenbide bat eman bitartean, egunero etorriko gara ikastetxerako sarrera eta irteera orduetan trafikoa ixtera". Egunero, 08:15etik 09:15era eta 12:15etik 14:00etara itxiko dute pasealekua.

Dena den, garbi dute denek irtenbide hauek epe laburrerako besterik ez dutela arazoa arinduko. Gaiari heldu behar zaio eta Donostiako Udalara "presioa" egiteko eskaera egin dute gurasoek.

Beste hiru gai, plenoan
Galdera eta erreguen tartera iritsi aurretik hiru gai landu dituzte ikasturte berriko lehen ohiko udalbatzarrean.

Ekainaren 15eko eta uztailaren 8ko batzarren akten onarpenak ireki du asteleheneko plenoa. Onartuak geratu dira, baina EH Bilduk zuzenketa bat egin dio akta horretan bildutako informazio bati. Jon Martinek azaldu du, dokumentuan, bere alderdiari Bildu izenez egiten zaiola erreferentzia, eta argitu du izena EH Bildu dela.

Horren ostean udalaren aurrekontuaren 2018. urteko ekitaldiko kontu orokorren onarpenaz aritu dira. Inolako alderdik ez du azalpenik eman, eta zuzenean bozkaketa egin dute. Aldeko 13 bozkekin (PSE-EE-ren 8, EAJ-ren 3 eta Elkarrekin  Lasarte-Oria Puederen 2) onartua geratu da. EH Bildu abstenitu egin da.

Hirugarren gaian erabateko adostasuna agertu dute udaleko alderdi guztiek; HIE A-35 Zabaleta Berriko a.3.1-17; a.3.1-18 eta a.3.1-19 partzelen xehetasunezko bigarren estudioa aho batez onartu dute.

Kaporalen hizkuntz eskakizuna
Udaltzaingo kaporalen hizkuntz eskakizuna ere mahai gainera ekarri du, beste behin, EAJk. Hirugarren perfila "baloratzeko" eskaera egin dio Jon Antxordoki alderdiko bozeramaileak alkateari. Lan Eskaintza Publikoaren oinarrietan euskararen bigarren perfila exijitzen den arren, maila altuagoa dutenak baloratzeko eskatu du. Aldi berean, kritikatu du atzerriko hizkuntzak "euskara baino gehiago" baloratzen direla.

Gai horretan Xabier Egea idazkariak ere hartu du hitza. Azaldu du, lan eskaintza publikoaren oinarrietan bigarren perfila eskatzen den neurrian, ezin dela hirugarren exijitu.