EH Bildu: "Lasarte-Oriako Udalaren ardura izan behar du herriko 500 haurren segurtasunak"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 10a, 18:50

Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotziak, udalbatzar batean.

Lasarte-Oriako EH Bilduk "kezkatua" dagoela adierazi du, Landaberri ikastetxeko aldaparen itxiera dela-eta. "Instituzioek uda hasi aurretik zuten arazoaren berri; inork ez du ezer egin". 

Astelehen arratsaldeko udalbatzarrean landutako gaietako bat izan zen Landaberri ikastetxera igotzeko aldaparen itxiera. Aferari buruzko balorazioa egin du Lasarte-Oriako EH Bilduk: "Lasarte-Oriako Udalaren ardura izan behar du herriko 500 haurren segurtasuna eta irisgarritasunak". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eta Donostiako Udalari exijitzen die "beharrezko lanak ahalik eta azkarren" gauzatzea. "Arazoari irtenbidea emateko, nahikoa litzateke borondate politikoa izatea".

EH Bilduk nabarmendu du instituzioek bazutela arazoaren berri, uda hasi aurretik: "Iraila iritsi da eta orduan eman zaie egoeraren berri ikastetxeari, gurasoei eta udaleko alderdi politikoei; irtenbiderik eskaini gabe hasi dugu ikasturtea".