Larriki gaixo dauden euskal presoak etxeratzeko aldarria, kalean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 22a, 20:48

Mobilizazioa egin du Sare Lasarte-Oriak gaur arratsaldean, gaixotasun larriak dauzkaten euskal presoak espetxetik ateratzea galdegiteko, beste behin, "behar bezala artatuak" izan daitezen. Hainbat herritarrek bat egin dute ekitaldiarekin, eta erdiguneko kaleetan zehar ibili dira, 'Larriki gaixo dauden presoak etxera!' leloa daraman anbulantziarekin batera.

"Guregatik balitz, gaur [ostiralean, azaroak 22] ez luke inork kalera atera beharko, larriki gaixo dauden euskal presoak etxeratzeko eskatzera". Sare Lasarte-Oriako kideen hitzak dira. Beste gauza bat ere nabarmendu dute: hori lortu bitartean, jarraituko dutela mobilizazioak, hitzaldiak eta antzekoak antolatzen. "Piztuta mantenduko dugu argi hau; zuekin batera baldin bada, askoz hobe". Gaurko mobilizazioarekin bat egin duten lasarteoriatarrei esan diete hori. Hainbatek erantzun diote antolatzaileen deiari, eta, Larriki gaixo dauden presoak etxera! lelodun anbulantziarekin –eta afixarekin– batera, erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte.

Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarra da eritasun larri bat daukan 21 euskal presoetako bat. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2013an. Handik gutxira hasi zuen bidea epaitegietan, zigorra etetea eskatzeko, osasun zerbitzuek "behar bezala" arta zezaten, ziegatik eta espetxetik kanpo. Behin baino gehiagotan ukatu diote hori, baina berak, abokatuek, senideek eta lagunek ez dute etsi. Berriki atera dute mahai gainera kasua beste behin. Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiko epaileak arrazoia eman die defentsaren eskaerei: ebatzi du ez direla bateragarriak espetxean segitzea eta gaixotasun horren tratamendua han jasotzea. Prokuradoreak helegitea jarri du, ordea; beste bi hilabetez atzeratuko da behin betiko erabakia.

Gaur zortzi berriz aterako dituzte aldarri horiek kalera, azken ostiralean. Horrez gain, urtarrilaren 11ko manifestazio nazionalera joateko deia egin die Sarek lasarteoriatarrei. Horiez gain, X. Errezitaldia prestatzen ari direla aurreratu dute.

Anbulantzia herriz herri ibiliko da egun hauetan. Atzo arratsaldean ere Lasarte-Oriako taberna batzuetatik pasa zen, hainbat gaztek antolatutako pintxo-potean. Bihar Hernanira joango da, eta Usurbilera etzi.