Hitzaldia eta mobilizazioa antolatu ditu Lasarte-Oriako Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 11a, 20:28

Agerraldia egin dute Buruntzaldeako Sareko ordezkariek, datorren asterako prestatu dituzten ekitaldi sortaren berri emateko. Lasarte-Oriako, Hernaniko eta Usurbilgo kideek hitz egin dute. Herriko Sarek hitzaldia eta agerraldia antolatu ditu. Bestalde, bihar jakingo dute Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriatarraren zigorra eteteari buruzko epaia zein den.

Lasarte-Oriako Sarek bi ekitaldi antolatu ditu datorren asterako. Hilaren 19an, asteartez, hitzaldia eskainiko dute Sareko bozeramaile Joseba Azkagarragak eta espetxean 30 urtetik gora pasa zituen preso ohi Jose Ramon Lopez de Abetxukok. 19:00etan hasiko da solasaldia, Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Hilaren 22an berriz, ostiralarekin, mobilizazioa egingo dute Okendo plazatik abiatuta, asteotan herriz herri dabilen anbulantziarekin batera. Larriki dauden presoak etxera! leloarekin, egoera horretan dauden presoen eskubide-urratzeak salatuko dituzte. 19:30ean hasiko dira. Hurrengo egunean –hilak 23, larunbata– Hernanin egongo da; 13:00ean elkartuko dira Plaza Berrian, eta buelta bat emango dute herritik, Bego Arrondo eta Julio Bakedanok azaldu legez . Azkenik, aste horretako igandean, hilak 24, Usurbilera joango da anbulantzia. Mikel Laboa plazan egingo dute ekitaldia, 13:00ean. Joselu Zabala eta Aitor Landaluze Usurbilgo Sareko kideek eman zuten horren berri.

Larriki gaixo dauden 21 presoetako bat –beste hiru zendu egin dira honezkero; azkena, Jose Angel Otxoa de Eribe, duela bi aste– da Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarra. Lannemezango (Frantzia) espetxean daukate preso. Esklerosi anizkoitza dauka, eta behin baino gehiagotan eskatu dute haren zigorra etetea abokatuek, senideek eta lagunek, espetxetik at "behar bezala" arta dezaten. Oraingoz ukatu egin dizkiote eskaera guztiak. Orain dago kasua auzitegietan berriro: Frantziako Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak urriaren 30ean deliberatu behar zuen horri buruz; prokuradoreak atzeratzea galdegin zuen, ordea. Bihar emango dute erabakiaren berri. Herritar talde batek elkarretaratzera deitu du bihar arratsaldeko zazpietan, Elizatze plazan. 

Gari Arruarte da larriki gaixo dagoen beste preso bat. Hernaniarra da. Espondilitis izeneko gaitz degeneratiboa dauka, eta Almeriako espetxean daukate preso.