Epaileak Ibon Fernandez Iradiren zigorra etetearen alde egin du, baina helegitea jarri du prokuradoreak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 12a, 20:23

Beste bi hilabetez atzeratuko da Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriatarraren zigorra eteteari buruzko epaia. Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiko epaileak erabaki horren alde egin du, baina helegitea jarri du prokuradoreak. Parisko Dei Auzitegiak izango du azken hitza. Bien bitartean, mobilizazio gehiago iragarri ditu Sare Lasarte-Oriak.

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiaren erabakia jakin eta berehala jarri du helegitea prokuradoreak, eta beste bi hilabetez atzeratuko da Ibon Fernandez Iradiren zigorra eteteari buruzko auzia. Epaileak ebatzi du preso lasarteoriatarraren gaixotasun larria ez dela bateragarria espetxean segitzearekin; uste du, gainera, ez legokela arriskurik Fernandez Iradi kalera irtengo balitz. Herritarraren eritasuna artatzen duten sendagileen txostena irakurri ostean hartu du erabakia epaileak. Azken hitza, dena den, Parisko Dei Auzitegiak izango du. 

Erabakiaren berri emateko asmoz, elkarretaratzea egin du Sare Lasarte-Oriak. Eguraldi txarrari aurre eginez, dozenaka herritar gerturatu dira herrikidearen egoerari buruzko azken ordukoak entzutera. Sareko kideek azaldu dutenez, mediku probak egitera eraman dute Fernandez Iradi; ez dakite emaitzen berri. Lasarteoriatarrak espetxean segitzea "bidegabekeria" dela nabarmendu dute, eta mobilizazio gehiago iragarri: "Aurrera egin behar dugu: kalea, kalea eta kalea". 

Sarek solasaldia antolatu du datorren asteartean, hilak 19, Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Sareko bozeramaile Joseba Azkarraga eta 30 urte baino gehiagoz preso izandako Jose Ramon Lopez de Abetxukok hitz egingo dute. Hiru egun beranduago, ostiralez, Larriki dauden presoak etxera! lelodun anbulantzia iritsiko da Lasarte-Oriara. Manifestaziora deitu du Sarek egun horretan, 19:00etatik aurrera. Okendo plazatik aurrera. Azaroaren 29an, azken ostiralarekin bat eginda, kontzentrazioa egingo dute.