Kronika

Lehentasunak garbi ditu Sare Herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 20a, 15:14
Joseba Azkarraga eta Jose Ramon Abetxuko kulturetxean emandako hitzaldian.

Joseba Azkarraga Sare Herritarreko bozeramailea eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso ohia Lasarte-Oriako kultur etxean izan dira presoen egungo egoerari buruz hitz egin eta Sarek epe ertainera dituen erronka eta lehentasunak plazaratzeko.

Mendekuaren politika. Mendekuzko neurriak. Argi eta garbi definitu dute Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso ohiak egun 250 euskal presotik gorak pairatzen duten aparteko espetxe politika. Kartzelan bertan aparteko trataera izateaz gain, preso hauen familiek milaka kilometro egin behar izaten dituzte 40 minutuko bisita baterako. Azkarragak erraztu dizkigun datuen arabera, euskal presoen %50a etxetik 1.000 eta 1.200 kilometro bitarteko kartzeletan daude; hau da, familia horiek 2.000 eta 2.400 kilometro inguru egin behar izaten dituzte  haien familiakidea ikusteko.

Azkarragak ETA disolbatu den garai hauetan aparteko politika honek inongo zentzurik ez duela dierazi du. Presoen gaia, gainera, kanpaina politikoetarako erabiltzea salatu du Azkarragak, PSOEren kasua azpimarratuz. Duela urtebete pasatxo Pedro Sanchezek eta Fernando Grande Marlaskak dispertsio politikak jada zentzurik ez duela esan zuten, baina haiek gobernuan izan diren denbora honetan aldaketarik ez da izan kontu honen inguruan.

Jose Ramon Lopez de Abetxukok, bere aldetik, ikuspuntu humanoagoa eman zion hitzaldiari, preso ohi bezala bere esperientziak kontatuz. Euskal presoak kartzelan zuzenean lehen graduan sartzen direla esan zuen, 22 orduko ziegaldiarekin. Lehen kartzeletako zuzendaritzak inposatu nahi zizkieten lanak, garbiketa edo sukaldatzea adibidez, egiten ez zituztela onartu du, "etsaiaren aginduak" zirelako. Orain, baina, erabaki kolektibo baten ondorioz lan horiek burutzen dituztela esan du, bigarren gradua lortu edo zigorrak jaisteko.

Entzulego adindua

Azpimarratzekoa da hitzaldian 25 urtetik beherako pertsonarik ia egon ez izana. Arrazoi ezberdinengatik, onartu behar da gazteei geroz eta gutxiago axola zaiela euskal presoen egoera; gatazkaren garai gordinenak ez dituztelako bizi izan, agian. Baina espetxe politika honekin amaitzeko, gizarte osoaren erantzuna behar da.