Mari Karmen Ormazabal da Ttakun KEko lehendakari berria

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 16a, 11:00

Zortzi urteren ostean, lehendakari kargua pasa dio Tomas Arrizabalagak Mari Karmen Ormazabali. Elkartearen laugarren lehendakaria da herritarra.

Aldaketa Ttakunen. Azkeneko alditik zortzi urte pasa direnean, lehendakari berria du kultur elkarteak: Mari Karmen Ormazabalek hartu du Tomas Arrizabalagaren erreleboa. "Bi legealdi egin ditut: garaia da ideia eta dinamika berriei tokia egiteko; lan bikaina egingo du Mari Karmenek".

Mari Karmen Ormazabalek hartu du Tomas Arrizabalagaren lekukoa: bera da Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari berria, duela bost hilabetetik. "Bilera batzuk egin genituen aurretik, baina ekaineko Batzar Orokorrean gauzatu genuen ofizialki". Ormazabalek ongi ezagutzen du etxea, makina bat urte daramatzalako bertan, zeregin desberdinetan: langilea izan zen aurrena –1995ean hasi zen beharrean, begirale bezala; Txintxarri aldizkarian eta administrazioan ere aritu da–, eta zuzendaritzako kide gero –idazkari lanak egin ditu sei-zazpi urtez–. Lehendakari denetik, ez du "aldaketa handirik" sumatu. Besteak beste, orain tokatzen zaio elkartearen aurpegia izatea ekitaldi askotan, eta aldizkari honetan gehiagotan ateratzea. Adibidez, ostiral honetan. Orrialde zentraletan gainera. Kargua hartu berri duena eta lekukoa pasa duena elkartu ditu TXINTXARRI-k Ttakunenea elkartean.

Ttakun KEk lau lehendakari izan ditu 28 urtean: Sebastian Kerejeta, Mari Jose Eizmendi, Tomas Arrizabalaga eta Mari Karmen Ormazabal. Arrizabalagak duela zortzi urte hartu zuen ardura, 2011n, zuzendaritza taldean sartu eta berehala. "Ni zuzenean izendatu ninduten lehendakari, baina ordurako han zeuden zuzendaritzako beste kideak, lehenagotik ere lanean ari zirenak", gogoratu du Arrizabalagak. Zortzi urte hauetan "oso pozik eta gustura" aritu dela dio, baina iritsi dela aldaketaren garaia: "Bi legealdi egin ditut Ttakuneko lehendakari gisa; ideia eta dinamika berriak sustatuko dituen pertsonek sartu behar dute, ona da hori elkartearentzat". Gehitu du berak ere sentitzen zuela atseden hartzeko beharra. "Zuzendaritzako kidea izatea ardura da".

Hori izan da Ormazabalek erreleboa hartu izanaren arrazoietako bat: deskantsatzeko aukera ematea Arrizabalagari. Dena dela, argi utzi du epe jakin baterako hartu duela konpromisoa. Printzipioz, bi urterako. "Uste dut mugimendua behar duela herri elkarte batek; zuzendaritza berritu bitartean hartu dut lehendakari izatearen ardura". Gai horri buruz solasean aritu dira biak. Haien hitzetan, aldaketa horrek ez du izan behar bat-batekoa, progresiboa baizik: sar dadila odol berria taldean, baina zuzendaritzari eta Ttakun KEren dimentsioari neurria hartu bitartean, egon daitezela beste kide batzuk laguntzen, jada urte batzuk daramatenak han; eskarmentua daukaten pertsonak.

"Nik lehendakari gisa egin ditudan zortzi urteetan, taldean egin dugu lan beti, zuzendaritzako gainontzeko kideekin; denon artean hartu ditugu erabakiak", azpimarratu du Arrizabalagak. Baietz dio Ormazabalek; urte horietako asko elkarrekin egin dituzte, duela sei-zazpi urte sartu baitzen bertan. Idazkari lanak egin ditu orain arte. "Orain ez ditut aktak idatzi behar; hori ere bada aldaketa bat", aipatu du, umoretsu. "Lehendakariaren lana instituzionalagoa da: elkartearen aurpegia izatea askotan: hitzarmenak sinatzerakoan, elkarteak berak egiten dituen ekimenak aurkezterakoan eta horrelakoetan". 

Ttakun KEko lehendakari berriak egiaztatu du hori honezkero, atera delako argazki ugaritan: udalarekin 2019-2020 ikasturterako akordioa sinatzerakoan eta Gurasoleku egitasmoa aurkezte aldera egindako erreportajean. "Eta 2020. urtea dator berehala: Maratoia, Euskaraldia... Ari naiz ohitzen!". Lehenengo hilabeteetan gustura ari dela dio Ormazabalek.    

Langileen garrantzia

"Ttakunena bezalako dimentsioa daukan elkarte batek ezingo luke aurrera egin langileengatik ez balitz", nabarmendu du Tomas Arrizabalagak, lehendakari ohiak. Bat dator Mari Karmen Ormazabal: "Funtsezkoak dira, zuzendaritzan gaudenok ezin dugulako jarraitu eguneroko martxa; lantalde ederra daukagu, egia esan". Gogoratu ditu elkartearen hasierako urteak. "Lanaldi erdiz aritzen zen pertsona batetik, begira noraino heldu garen". Bulegoko teknikariez eta kudeatzaileaz gain, pertsona ugarik egiten dute lan kultur elkartean: Ttakunek gauzatzen dituen hamaika egitasmoetako begiraleak, Txintxarri aldizkaria banatzen dutenak...  "Ni langile izan nintzenetik gaur egunera arte gauza asko aldatu eta zuzendu dira", adierazi du Ormazabalek. Elkarteak bere burua auditatzea eta langileen egoera legala "behar bezala" landu izana ere aipatu dituzte. "Joera haztekoa izan da, baina logikarekin beti".

Arrizabalagaren aburuz, eragina dauka horretan nolabaiteko "lasaitasun ekonomikoa" edukitzea elkarteak. "Bestela, indarrak alor horretara bideratu behar dituzu, benetako xedeari heldu beharrean: euskara normalizatzea Lasarte-Orian". Ttakunen finantza-egoera egonkortzen laguntzen dute erakunde publikoek ematen dizkioten diru-laguntzek, baina baita elkarteko langileek egitasmo berriak diseinatzeak, eta jada indarrean daudenak hobetzeak, Ormazabalen ustez. "Inor ez da aberastuko; dirua izanez gero, berriro inbertitzen da". Esate baterako, pertsonalean. "Kontziente gara zenbaitetan estu gabiltzala pertsonalari dagokionez; saiatzen gara behar horiek asetzen ahal den heinean, baina prudentziaz ere jokatu behar da". Arrizabalaga: "Esan izan didate negozioa egiten duela Ttakunek, diru publikoa jasotzen duelako; hori ez da egia, elkartearen xedea ez delako dirua egitea, euskararen alde lan egitea baizik".

Ormazabal: "Gauza asko aldatu eta hobetu dira ni Ttakuneko langile izan nintzenetik"

 
Zer da Ttakun?

Azpititularrekoa izan da solasaldiko galderetako bat. "Euskara eta kultur elkarte bat baino gehiago da Ttakun, oso indartsua Euskal Herri mailan", bota du Arrizabalagak. Herritar askoren bizitzen parte dela esan du Ormazabalek: "Aisialdiko ekintzetatik hasi, haurra zarenetik, hazten eta heldu bilakatzen zaren arte, hor dago Ttakun, denentzat ekintzak antolatzen; berebizikoa da hori, normalizazioaren bidean". Hala ere, onartu du ez dela erraza horrelako elkarte bat esaldi bakarrean definitzea. "Martxan jarri dugun lehiaketarako esloganak pentsatzen hasi nintzen. Esan nuen: 'Zer ideia ona!'. Eta geroxeago: 'Zaila da hau!'. Bat-batean desagertuko balitz, herrian egiten diren ekintzetako asko umezurtz geratuko lirateke". Horietako batzuk zerrendatu ditu Arrizabalagak: San Tomas azoka, Azkorteko erromeria eta Santa Ana parodia, besteak beste.

Zeintzuk dira Ttakun KEren erronkak? Beste galdera bat. Eta erantzunak. Edo hausnarketak. Edo bietatik apur bat. Hitz egiteko txandak errespetatuz, hori bai: batak ez du bestearen solasaldia moztu, eta alderantziz. "Askotan aritu naiz horri buruz nire ingurukoekin", hasi da Ormazabal. "Errealitate utopiko batean, lan egiteko era eta xedeak aldatu beharko lituzte Ttakunek; horrek esan nahiko luke lortu dela helburua, guztiz normalizatu dela euskara eta euskal kultura gure herrian". Ohartarazi du lan asko dagoela egiteko norabide horretan oraindik. Arrizabalagak hartu du hitza ondoren: "Herritarrek sentitu behar dute beharrezkoa dutela euskara; gaztelania hutsean hitz egiten dutenak lasai asko bizi dira". Hutsune ugari ikusten ditu administrazioan eta hainbat ogibide publikotan: "Udaltzain, ertzain, osasun arloko langile eta udal langile guztiek ez dakite euskaraz; horrek ezin du izan. Koska handi samarra dago hor". 

Lasarte-Oriaren egoera aztertuta, biek uste dute gainditu dela garai batean herritar askok euskarari zioten ezin-ikusia. "Ttakunen lanak zerikusia izan du horretan". Euskararen ezagutza maila ere dezente igo da, inoizko portzentaje altuenera iristeraino, baina erabilera ez da proportzio horretan igo. "Herritarren jarrera aldatzea da gakoa: jendearen emozioak astinduz gero, mugitzen da zerbait hor barruan".

Arrizabalaga: "Jendeak sentitu behar du euskara beharrezkoa duela bizitzeko"

2020a, Euskararen Maratoiaren urtea

Emozioekin loturarik daukan ekitaldi bat badago herrian, hori da lau urtean behin antolatzen den Euskararen Maratoia. 2020an X. edizioa egingo dute. "Hasi gara lanean dagoeneko", aurreratu du Ormazabalek. "Ea zer bururatzen zaigun, baina x horrek joko asko eman dezake; lantaldean ideia bikainak dauzkaten pertsonak daude". Arrizabalagak esan du ekitaldi horrek "asko" lagundu duela euskararen normalizazio prozesuan, eta herria saretzen ere bai. "Asko inplikatzen dira herritarrak, elkarteak, ikastetxeak, erakundeak...denak". Lantaldeari luzatu dio proposamen bat: "40 ordu izan ziren aurrena, 40 egun gero...365 egunak euskaraz, edo horrelako zerbait!". Maratoia eta gero –urrian ospatu ohi da–, Euskaraldia etorriko da. 

Horiek baino lehen, badaude ospatzeko hainbat gauza. Ttakun KEren 28. urteurrena, adibidez. Gaur itzaliko ditu kandelak, hilak 16. "Izan zitekeen beste herriren batean, baina ez; Lasarte-Orian sortu zen Ttakun, beharra zegoelako euskararen egoerari astindu bat emateko", dio Ormazabalek. Arrizabalaga: "Ezin ditzakegu ahaztu pertsona boluntario askoren ekarpenak: ideiak argi zeuzkaten hasieratik, eta euskararen alde sekulako lana egin dute". Herrian jende "oso baliotsua" dagoela uste du lehendakari berriak, elkartearen inguruan ere egon dena. "Prest egon dira euren ideiak, jakituria eta eskarmentua eskaintzeko".

Boluntario edo langile, ehunka pertsonak egindako lanari esker errotu da Ttakun herrian, eta gaur egun daukan dimentsioa hartu. "Lasarte-Orian martxan ditugun hamaika egitasmoez gain, herritik atera gara: Lezo, Pasaia, Beasain...hori ere bada hazi garen seinale", aipatu du Ormazabalek. Berak eta Arrizabalagak uste dute herritarrek ezagutzen dutela oro har Ttakun, baina ez dutela imajinatzen zer nolako lana dagoen horren guztiaren atzean. 

Arestian esan bezala, 28 urte betetzen ditu Ttakunek gaur. "Nik uste dut beteko dituela beste asko, normalizazio prozesuaren gauzatzea ez delako egun batetik bestera etorriko", adierazi du Ormazabalek. "Egoskor fama daukagu euskaldunok; helburu horren bidean segiko dugu lanean. Osasun ona dauka Ttakunek, eta lehendakari bikaina!", gehitu du Arrizabalagak, umorez. Barrez erantzun dio Ormazabalek: "Egiten dizkidate txantxak, 'lehendakari anderea' eta horrelakoak; nik ere antzeko bromak egiten ditut. Odolkiak ordainetan orain!".

Erlazionatuak

Ttakun KEko lehendakari historikoak

Txintxarri Aldizkaria 2019 aza 16 Euskara

Ttakun, 25 urte euskalduntzen

Txintxarri Aldizkaria 2016 aza 15 None

25 urte euskara etxe guztietan sartzen

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 28 None