25 urte euskara etxe guztietan sartzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 28a, 12:05

"Aldizkari bat betetzeko nahikoa informaziorik ba al dago Lasarte-Orian?". Galdera horri erantzun behar izan zioten orain dela 25 urte TXINTXARRI sortzeko lanetan zeudenek

"Aldizkari bat betetzeko nahikoa informaziorik ba al dago Lasarte-Orian?". Galdera horri erantzun behar izan zioten orain dela 25 urte TXINTXARRI sortzeko lanetan zeudenek. 1993.urteko urriaren 1ean argitaratu zuten lehen zenbakia, gogo eta ilusio bereziarekin. Ez da gutxiagorako: herri bat euskalduntzeko tresna paregabea da aldizkari bat. Denborak arrazoia eman die hasiera hartako ekintzaileei: 25 urtean 1.435 zenbaki argitaratu dira. 8.000 aletako tirada du egun, eta Lasarte-Oriako etxebizitza guztietan sarrarazten du euskara. 

Euskarazko hedabideek berebiziko garrantzia dute hizkuntza normalizatzeko ahaleginean; errealitatea islatzen eta eraikitzen dute. Hizkuntza jartzen dute erdigunean, eta, egunerokoa kontatzen dute ahalik eta modu sinplenean. Tamaina handiko zeregina izan du horretan TXINTXARRI-k azken mende laurdenean: lasarteoriatarrei euskaraz informazioa jasotzeko, entretenitzeko eta hezteko aukera eman die. 

Ttakun Kultur Elkartean jakitun izan dira hasieratik komunikabideen garrantziaz. Hori dela eta, hasierako helburua zuten Lasarte-Orian euskara bultzatzeko herri aldizkari bat sortzea; elkartea sortu eta soilik bi urtera egia bihurtu zen amets hura.  

Hamabostekaria hasieran, astekaria gero, egunkari euskarrian bolada batean... 2017. urtea hastearekin batera aldatu zen azkenekoz herri aldizkariaren azala eta gorputza, berriro astekaria bihurtzeko.

Asko aldatu da Lasarte-Oria 25 urtean,  baita kazetaritza egiteko modua ere. Hastapenetan tabako kez betetako bulego batean eztabaidatzen zituzten asteko gaiak, eskuko telefonorik gabeko garaian. Orduantxe ikasi zuten askok ordenagailu bat pizten. Egun, ordea, zorion agur asko Whatsapp bidez jasotzen dira. Alor horretan indar berezia egiten ari da aldizkaria, paperekoari eustearekin batera teknologia berrietara moldatzeko. Hain zuzen, horixe da epe laburrera begirako apustua: txintxarri.eus ataria berritzea, eta sare sozialei are bultzada handiagoa ematea. 

Gainerako hedabideen antzera, herri aldizkariak sufritu du prentsa idatziaren gainbehera. Publizitateko diru sarrerak ezinbestekoak dira proiektu honen bideragarritasuna bermatzeko, baina salmentak asko jaitsi dira. Ttakun Kultur Elkarteko langileen borondate irmoari esker egin du aurrera TXINTXARRI-k urte horietan. Nahitaez aipatu beharra dago erakunde publikoen babesa, batez ere Lasarte-Oriako Udalarena. Haiek gabe ez luke horren bide luzea egingo aldizkari honek.  

Langile eta laguntzaile asko eta asko pasa dira TXINTXARRI-tik. Praktiketako ikasleak, kazetari trebeak, zuzendari tematiak, laguntzaile eskuzabalak... Edonola ere, hemerotekako zenbaki zaharrak begiratu besterik ez dago ohartzeko hedabidearen filosofia ez dela aldatu, hasierako irizpideari eutsi baitiote ondorengo langileek ere. Herritarrak euskarara erakartzeko helburua betetzeko, aldizkariak beti errespetatu eta islatu du Lasarte-Oriaren aniztasuna. Denen bozgorailu izaten saiatu da, eta, bide horretan, herriko elkarte eta eragile guztiek izan dute tokia orri hauetan. Etorkizuna gorabeheratsua izan arren, horrela izaten jarraituko du. Izan ere, Lasarte-Oria aldatu ahala aldatuko da TXINTXARRI ere. 

TXINTXARRIKO ERREDAKZIOA