1991ko azaroaren 16an, Ttakun Kultur Elkartea jaio zen Lasarte-Orian, bertako euskaltzaleek zituzten ilusioak, nahiak eta asmoak aurrera eraman asmoz. Aurretik hainbat lagunek makina bat lan egin zuten euskararen inguruan eta Ttakun izan zen horren guztiaren fruitu.
Asteazkenean, 2016ko azaroaren 16an Ttakun Kultur Elkarteak 25 urte beteko ditu. Urte hauetan lan asko egin du elkarteak, Ttakun Lasarte-Oriako eta inguruko euskalgintzan erreferentzia puntu bilakatu delarik.
25 urte hauetan elkartea asko handitu da eta garaiak aldatu diren arren, helburuak hasierako berdinak dira. Oinarrizkoa euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa sustatzea da, nahiz eta erronka asko gainditzea lortu den. Honetarako, urte hauetan guztietan zehar Udalarekin, herriko alderdiekin, elkarteekin, ikastetxeekin, euskaltegiekin eta baita norbanakoekin ere (gurasoak, euskaldun berriak...) elkarlanerako bideak eraiki dira.
Ttakunen ibilbidean egoitzek berebiziko garrantzia izan dute. Andre Joakina Eneako ganbara Ttakunen hastapenaren erreferentzia izan zen. Bertan asteazkenero bildu ziren urtebetez Lasarte-Oriako euskara taldearen ideia abiapuntutzat hartuta. Bigarren erreferentzia Pablo Mutiozabal kaleko 2.zenbakiko egoitza izan zen. Hantxe eman ziren lehenengo pausoak 1992. urtean Udalak Erribera kaleko lokala utzi zuen arte. Liburutegi zaharrean 1998. urtea arte egon ziren bulegoak eta Txintxarri aldizkariaren egoitza. Urte horretan egungo kokalekura pasa zen Geltoki kalean.
Bestalde, dagoeneko zabalik da Ttakunenea. “Bazkideen aspaldiko nahiari erantzuna emateko” eta topagune bat izan dezaten: Toki goxo eta ireki bat. Euskaltzaleentzako arnasgune berria”.
Lehenengo proiektuak
Elkartearen lehenengo egitasmoak Udaleku irekiak eta Euskal txokoak izan ziren. Lanean hasi aurretik hausnarketa sakona egina zegoen Lasarte-Oriako euskararen beharren gainean eta aisia eta haurren mundua lantzea herria euskalduntzen hasteko lehen pausoa zela argi izan zuten sortzaileek. Lehenengo txoko horietan 153 haur eta 9 begirale aritu ziren, egun txokoetan 500 gora haur eta 50 begirale inguru dira.
Ekintza hauek ez ziren nahikoak herrian zegoen euskara-erabilpen guneen beharra eta aisialdi ekintzen hutsunea asetzeko. Honela, Kuku-Miku haurren eta gazteen saila sortu zen, 2003. urtean gaur egungo Ttakunen Aisaldi saila izatera pasa zena. Honen baitan jaio ziren 2003-2004 ikasturtean Amaraun Kluba eta 2008an Gaztekluba.
Haurren eta gazteen ekintzak antolatzen zituzten elkarte eta erakunde asko gaztelaniaz aritzen ziren, eta ikastetxeetako begirale batzuk ere ez zekiten euskaraz edo ez zuten erraztasunik. Behar hori ikusita, Kalea Maixu! Egitasmoa jaio zen 1993an. Herriko gainerako elkarteekin eta ikastetxeekin lanean hasi zen Ttakun eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko asmoz. Udaleku Ireki eta Euskal Txokoez gain pixkanaka programa berriak garatzen joan dira: Kuadrillategi, Irakutrezin aldizkaria, Faktoria, Eskola-Kirola edota LMLK.
Helduentzako bertso eskola izan zen sortu zen hurrengo saila eta 20 bat lagun hasi ziren bi taldetan garai hartan. Gaur egun heldu eta haurren taldeak daudelarik martxan.
Dokumentazio zentroa ere osatu zen hasieran hizkuntzaren inguruko mota guztietako dokumentuak biltzea helburu zuelarik.
Ttakunek bere ibilbidean, herriko kultur ekitaldi ezberdinak antolatu eta presentzia areagotu du. Esaterako, Euskararen 3. Maratoia antolatzeko ardura hartu eta lau urtero mantendu du konpromisoa 1992tik. Horrela ere, San Pedrotako lehenengo zikiro afaria urte berean egin zen. Horretaz gain, festak euskaraz gozatu ahal izateko, sagardo dastaketa, bertso saioa, umeen eguna… antolatzen hasi zen. Egun udalarekin batera asko dira herriko festetan antolatzen diren ekintzak; jendetsuena, Sorgin dantza. Uztailean Santa Ana parodiaren txanda da, ohitura hau galtzear zegoela elkarteak hartu zuen 1996. urtean eta urtero asko dira horretan parte hartzen duten herritarrak.
San Tomas azoka eta Olentzeroren etorrera dira Ttakunek urte hauetan antolatzen jarraitu dituenak. Euskal Inauterien ardura ere duela urte batzuk hartu zuen kultur elkarteak aurreko talde antolatzaileak eskatuta.
Txintxarri
Urtebeteko esfortzua eta bileren ondoren, 1993. urteko urriaren 1ean Txintxarri aldizkaria sortu zen. Hamaboskari bezala jaio zen 3.000 aleko tiradarekin. 2.000. urtean astekari bilakatu zen. Egun astean bitan ateratzen da Txintxarri eta herriko etxe guztietan banatzen da. Paperekoaz gain, aldizkari digitala martxan dago.
1998. urtean Jalgi zabaltzea izan zen Ttakunen erronka handietako bat. Ordutik euskarazko kultur espresio ezberdinen agertoki izan da kafe antzokia.
Ez da ahaztu behar euskaldun berrientzako solaskide programa. Honek harrera bikaina izaten du urtero eta helburua euskaldun zaharrak eta berriak elkartzean datza mintza praktikarako. Elkarteak hauentzat tailer edota irteerak antolatzen ditu euskaraz hitz egiteko esparruak zabaltzeko helburuarekin.
Aitortzak
Ttakunena ibilbide luzea eta emankorra izan da. Honengatik hainbat aitortza ere jaso ditu. 2.000. urteko uztailean Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, Herri Onurako elkarte izendatu zuen Ttakun. Urte berean, abenduan, Foru Aldundiak euskalgintzako Anton Abbadia saria eman zion. 2015ean Bikaintasun saria jaso zuen elkarteak herrian eskainitako beste batzuen artean.
Ospakizunak
Urtean zehar hainbat ekintza egin dira urteurrenaren aitzakiatan. Apirilean Gazte Klubak erakusketa antolatu zuen eta Argiarekin elkarlanean erakusketa eta mahai-ingurua egin zen: 'Transizioak. Euskal Herriko historia hurbilari begirada selektiboa'.
Bertso eskolak, Ttakunen baitan, 25 urte betetzen dituenez, hainbat ekintza egin zituen ere. Lutxo Egia, Bagera Elkartea eta Lasarte-Oriako 'Euskararen Maratoiko' kideen arteko esperientzia trukaketa eta mikrofono irekia ere egin zen.
Ospakizunei amaiera emanez, asteazkenean 19:30ean Ttakunenean ekitaldia egingo da, Iñigo de Loyola kalean, bazkide guztientzat.
Txalaparta doinuak, Bea Egizabalen hitzak eta luntxa eskainiko dira urtebetetzea behar bezala ospatzeko. Hau osatuz argazki erakusketa jarriko da Jalgin bihar hasita eta astebetez.
Larunbatean, azaroak 19, 20:00etan, 'Bi zaldi' taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da Jalgi kafe Antzokian, sarrera doan. Ttakunek herritarrak ekintzetan parte hartzera animatzen ditu.