Atzeratu egin dute Ibon Fernandez Iradiren zigor etete eskaeraren inguruko erabakia

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 31a, 10:37

Esklerosi anizkoitza behar bezala zaintzeko, kartzela zigorra eteteko eskaera egin duen laugarren aldia izan da. Asteazkenean jakinarazi behar zuen Frantziako Zigorren Aplikazioareko Auzitegiak erabakia, baina azaroaren 12ra atzeratu dute ebazpena

Prokuradoreak epaileari hala eskatuta, azaroaren 12ra arte atzeratu dute Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriatarraren askatasun eskaeraren inguruko ebazpena. Erabaki hori gaitzesteko, elkarretaratzea eta manifestazioa egin zuten, asteazken arratsaldean, Okendo plazatik hasita. 

Esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik zortzi urte igaro dira, eta zigorraren etetea eskatu duten laugarren aldia izan da azken hau. Orain arteko ebazpen guztietan, ordea, errefusatu egin dute Fernandez Iradiren eskaera, eta hori kontuan hartuta, familia ez zegoen oso itxaropentsu asteazkeneko ebazpenerako. 

Zaintzarik ez

Esklerori anizkoitza tratatzeko beharrezkoa den zaintzarik gabe jarraitzen du lasarteoriatarrak, Lannemezango kartzelan. Ez ditu neurologoaren beharrezko bisitak, ezta fisioterapia saioak ere. Baina ez hori bakarrik, gaixotasunak garapena izan du, eta lesioak gero eta bortitzagoak dira Fernandez Iradirentzat. Hortik dator presoaren eta bere familiaren azken urteetako etenik gabeko borrokaren arrazoia. Presoak behar duen zaintza bermatu ezin dutela argudiatzen du kartzelak, eta horregatik, zigorraren etetea aldarrikatzen dute senide, lagun eta herritarrek. 

Estatuaren erantzukizuna
Okendo plazan egindako agerraldian argi azaldu dute senideek: "estatua da presoen arduradun". Horregatik, erantzukizuna eskatu dute, eta gizartean presoen gaiarekin dauden akordioa kontutan hartzeko ere galdegin dute. 
Horrekin batera, gizartearen "aktibazioa" ere ezinbestekoa dela azpimarratu dute: "egunero bortxatzen dira euskal presoen eta haien senideen giza eskubideak, eta gizarteak horren aurrean ere erantzun behar du". 

Anbulantzia herriz herri
Larri gaixorik dauden presoen eskubideen urratze-egoera desagerrarazteko anbulantzia baten laguntzarekin egingo dituzte aldarrikapenak datozen asteetan. Eskualdeko herrietan ibiliko da anbulantzia; Lasarte-Orian azaroaren 22an.