Ibon Fernandez Iradiren zigorra eteteari buruzko epaia, hilabete barru

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 28a, 11:54

Asteon aztertu du Zigor Aplikaziorako epaitegiak Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren egoera; urriaren 30ean emango du sententziaren berri, asteazkena. Larriki gaixo dago lasarteoriatarra, esklerosi anizkoitzak jota, eta zigorra etetea eskatu dute euren abokatuek, senideek eta lagunek, tratamendu egokia jaso dezan. 

Kezka eta itxaropena. Antonio Mercero aretoan atzo arratsaldean antzematen ziren bi sentimenduak. Kezka, Ibon Fernandez Iradi euskal preso herritarraren senide eta lagunek ikusten dutelako espetxean segitzen duela eta larriki gaixo dagoela –esklerosi anizkoitza dauka–; itxaropena, lasarteoriatarraren kasua mahai gainean jarri duelako berriro Zigor Aplikazio epaitegiak, eta urriaren 30ean ebatzi dezakeelako zigorra etetea, asteazkena. Edo ez. Asteon berrikusi dute kasua epaileek. Prentsaurrekoa antolatu du Lasarte-Oriako Sarek, eta erantzun dute herritarrek: leporaino zegoen aretoa. 

Fernandez Iradiren senidea da Donetz Iradi. Berak eman zuen herritarraren egoeraren berri atzo arratsaldean. "Kartzelan jarraitzen du Ibonek, esklerosi anizkoitza daukan edozein pertsonak jaso dezakeen laguntzarik gabe; larriagotzen ari da eritasuna". Datorren hilabeteko epaiak euskal presoaren bizitza "erabat" aldatuko duela azpimarratu zuen, "onera edo txarrera". 

Diagnostikoa, duela sei urte

Ibon Fernandez Iradik 2013an jakin zuen esklerosi anizkoitza zeukala. Lehenengo sintomak, hala ere, hiru urte atzera sentu zituen, eta krisi batek "gogor" jo zuen 2011n, Donetz Iradik adierazi zuenez: sentikortasun falta, arnasa hartzeko eta hitz egiteko zailtasunak, digestio eta idorreria arazoak... Ohean etzanda geratu zen handik gutxira, ezer egiteko gai ez zela. Ospitalera joan eta mediku probak egitea behin eta berriro galdegin zuen herritarrak, baina agintariek ez zioten kasurik egin, 2013ko urtarrilean eritasun larri hori diagnostikatu zioten arte. Bi urte eta erdi tratamendu gabe egon izanak "kalte handia" eragin dio, Iradiren hitzetan. "Krisi bakoitzak okertu egiten du bere egoera; atzera-bueltarik ez duten lesioak sortzen dizkio".

Albiste hori jaso eta berehala ekin zien tramiteei Fernandez Iradik: epaitegiari eskatu zion zigorra eteteko, kartzelatik at jaso zezan beharrezko tratamendua. Orduan ekin zion herritarrak bide judizialari, oraindik bukatu ez den bideari. 2014ko ekainaren 20an, epaitegiak ebatzi zuen "justifikatuta" zegoela eskaera hori, baina baldintza bat jarri zion: estatu frantsesean bizitzeko debekua baliorik gabe uztea beste epaitegi batek: Parisko Dei Epaitegiak. Orain arte, behin eta berriro ukatu du zigorraren etetea auzitegi horrek. 

Osasun langile lasarteoriatarren elkartasuna

Prentsaurrekoan parte hartu zuten baita ere Lasarte-Oriako zenbait osasun langilek. Naroa Iriondok hitz egin zuen guztien izenean; gogoratu zituen sektore horretan beharrean dabiltzan hainbat pertsonak 2017an sinatutako manifestu bat. Besteak beste, jasotzen da espetxeko zaindariek egokiro artatu behar dituztela presoak. Fernandez Iradiren zigorra etetea galdegin du.

Lasarte-Oriako Sarek gogoratu du Gipuzkoako sei euskal preso daudela larriki gaixorik; Fernandez Iradi da horietako bat. Ekitaldia amaitu aurretik, prentsaurrekora bertaratutakoek talde argazkia atera zuten; elkartasuna adierazi diote herritarrari.

Azken ostirala ekitaldia egin zuten agerraldia bukatu eta berehala, udaletxe zaharraren parean. Dozenaka herritar jarri ziren afixaren atzean, eta herriaren erdigunea zeharkatu, Okendo plazara iristeko. Euskal preso lasarteoriatarraren egoeraren berri eman zieten antolatzaileek han.

Erlazionatuak