EAJ: "Kezkatuta gaude Landaberrira iristeko bidearen obretarako egindako kudeaketarekin"

Maddi Zaldua 2019ko ira. 10a, 18:50

Landaberriko arazoa konpontzeko, Donostiako Udalarekin eta Hezkuntza delegaritzarekin biltzeko eskatu dio EAJ-k Lasarte-Oriako Udalari

Ikasturteko lehen udalbatzarrean atera du gaia, mahai gainera, EAJ-k. Egoerarekin "kezkatuta" agertu dira, eta Landaberri ikastetxerako bideak "obra urgentea" behar duela azpimarratu dute. Horretarako, Donostiako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza delegaritzarekin biltzeko eskatu diote udalari. 

Lasarte-Oriako Udalaren orain arteko kudeaketa "hobeto" bideratu zitekeela ere salatu du alderdiak, "batez ere, 500 ikasleren segurtasuna jokoan dagoenean".  Aldi berean, kudeaketa kaskarrak eragin duen segurtasun ezak ere kezkatzen du EAJ.

Inbertsioa

EAJ-k jakitera eman duenez, udalaren batzorde informatibo batean jakinarazi zitzaien 45.000 euroko harri-lubeta bat jartzearekin arazoa konponduko zela, baina kanpo txosten batek azaldutakoaren arabera, 600.000 euroko kostua izango dute arazoari aurre hartzeko obrek. 

Inkomunikazioa

EAJ-k salatu du Lasarte-Oriako Udalaren inkomunikazio jarrera. Alderdikideek gogorarazi dute ekainaren 6an, Landaberri Guraso Elkartearen, ikastetxeko zuzendaritzaren eta Hezkuntza sailaren arteko bilera bat egin zutela, eta bertan, eskolan jangela bat egiteko akordioa ixtea lortu dutela. Horri jarraipena egiten ari dira orain., eta azpimarratu dute, Hezkuntza sailak, dagoneko, bere inbertsioen zerrendan gehitu duela, eta prozesu guztia martxan dutela.