Pentsiodunek Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 euro) parekatu nahi dituzte hilero jasotzen dituzten ordainsariak, eta, gai hori lehen lerroan jartze aldera, HEL Herri Ekimen Legegilea deritzon ekimena ondu dute. Azken hilabeteetan hori babesteko sinadurak biltzen ari dira han eta hemen, baita Lasarte-Orian ere, hori dinamizatzeko ardura hartu duen talde bati esker.
Herritar horiek lanean hasi zirenetik 1.200 atxikimendu jaso dituzte udalerrian eta azken bilketa ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute. Apirilaren 4an, 18:00etatik 21:00etara, mahai bana jarriko dute Ola kalean, Okendo plazan eta Euskotren geltoki sarreran. HEL babestu nahi dutenek 18 urte izan behar dituzte gutxienez, eta, sinatzerako unean, nortasun agiria aurkeztu.