Oraindik erabat garatu gabe dagoen arren, karbono aztarnaren kalkulua eta erregistroa arautzen duen legedia "nabarmen" zorroztu da azken urteotan, mankomunitateko kideek azpimarratu dutenez. 2050erako "neutraltasun klimatikoa" deritzona lortzeko bidean, helburu nagusia enpresek eta administrazio publikoek euren berotegi efektuko gasen isuriak neurtzea, murriztea eta konpentsatzea da. Norabide horretan, neurri eta betebehar gero eta zorrotzagoak aurreikusten dituzte agintariek eta erakundeek. Etor daitekeenaren aurrean prest egoteko, Beterri-Buruntza Mankomunitateak euren karbono azterketaren kalkulua egiteko modua ematen die lurraldeko enpresei.
Programa horrek enpresaren jarduerak sortzen dituen berotegi efektuko gasen emisioak ezagutzeko eta murrizketa neurriak identifikatzeko aukera ematen du, hobekuntza aukerak identifikatu eta, aldi berean, ingurumenarekiko konpromisoa indartu eta lehiakortasuna hobetzen du gaiaren gainean gero kontzienteago diren bezeroen aurrean.
ESG, irizpide "erabakigarria"
Ildo horretatik, ESG siglak igaro dira kontzeptu ezezagun bat izatetik bezeroentzat, langileentzat eta inbertitzaileentzat irizpide erabakigarria izatera. Ez da "moda huts bat", baizik eta enpresak baloratzeko modua eraldatzen ari diren kontzeptuak. Gaur egungo testuinguruan (klima aldaketa, gizarte desberdintasunen hazkundea eta gardentasun handiagoaren eskaria) gero eta garrantzitsuagoa da enpresek modu arduratsu, lehiakor eta jasangarrian jardutea. Horregatik, Beterri-Buruntza Mankomunitatearen ESG diagnostiko eta ekintza planak horretarako laguntza emango die eskualdeko negozioei.