ESKUALDEA

Eskualdeko garapen planean eragile aktibo izateko deia egin dute

Txintxarri Aldizkaria

Lurraldeko enpresen eta eragileen ahotsak entzun nahi dituzte. BETERRI-BURUNTZA MANKOMUNITATEA

Beterri-Buruntza Mankomunitatean eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Plana osatzen ari dira buru-belarri: "Eskualde horretako enpresen lehiakortasuna eta lurraldeko enpleguaren sorrera nahiz hobekuntza sustatzeko proiektua" dela azaldu dute eragile horretako kideek. Benetako beharrei erantzute aldera, azpimarratu dute "funtsezkoa" dela alor horretan inplikatuta dauden aktore guztien ahotsak entzutea. "Datu errealekin" egin nahi dute diagnostikoa eta inkesta bat jarri dute guztien eskura. 

Mankomunitatekoek uste dute garapen plana "tresna oso baliotsua" izango dela "langileen, prestakuntzaren, digitalizazioaren, belaunaldien arteko erreleboaren edo talentua erakartzearen arloan enpresek dituzten beharrak antzemateko". Halaber, "eskuragarri dauden baliabide eta laguntza publikoak benetan behar diren lekura bideratzeko" lagungarri izango delakoan daude.

Era berean, gogorarazi dute eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren baitan hartzen diren erabakiek eta martxan jartzen diren egitasmoek "eragin zuzena" izango dutela enpresengan. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaie eragile ekonomikoek proiektuan "hasiera-hasieratik" parte hartzea.