Etxebizitzak eta prekarietateak gaixotzen gaituzte
OPA HerriPlataformak koordinakundeak eta Nafarroako Osasun Plataformak 2026ko azaroaren 11ko greba orokorra babesten dute, deialdi garrantzitsua eta beharrezkoa baita etxebizitza duina izateko eskubidea, lasai bizitzeko aukera emango duten soldatak eta zerbitzu publiko indartsu, unibertsal eta kalitatezkoak defendatzeko.
Etxebizitzaren arazoa kezkagarria da. Alokairuak gehiegizkoak dira, etxegabetze kopurua haziz doa, eta gero eta gehiago kostatzen da hilabetearen amaierara iristea. Guzti honi, erosketa saskiaren igoera, soldata baxuak eta lan prekarietatea gehitu behar zaizkio. Pertsona askorentzat, oinarrizko beharrak asetzea etengabeko kezka bihurtu da.
Eta horrek gure osasunari ere eragiten dio. Duela 50 urte baino gehiago, Lalonde txostenak adierazi zuen osasuna ez dagoela soilik osasun arretaren mende, baita bizi-baldintzen eta lan baldintzen mende ere. Etxebizitza galtzeko beldurrez bizitzeak, alokairua ezin ordaintzeak edo hilabetearen amaierara ez iristeak estresa, antsietatea eta sufrimendua eragiten ditu; kroniko eginez gero, gaixotasun kardiobaskular larriak eta heriotza eragin baititzake, Mari Carmenekin gertatu den bezala.
Datuek argi eta garbi adierazten dute.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadin alokairuan bizi direnek, euren diru sarreren % 47,6 etxebizitza ordaintzera bideratzen dute batez beste, eta Nafarroan, berriz, % 40 (Fotocasa higiezinen indizea).
Gainera, IparHegoa Fundazioak 2025eko apirilean egindako Ikusmiran20 txostenaren arabera, 2021etik 2025era elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioak % 33,3 igo ziren HegoEuskal Herrian, EAEko KPI orokorra ( % 19,8) eta Nafarroakoa ( %19,9) baino askoz gehiago. Igoera horiek eta etxebizitzaren kostuak murriztu egiten dute familiek beste oinarrizko behar batzuk asetzeko erabilgarri duten dirua, hala nola berokuntzarako, zaintzarako edo elikadura osasungarri baterako.
Egoera horrek osasun mentalari ere eragiten dio. OxfamIntermonen txosten baten arabera, osasun mentaleko arazoak bikoiztu egiten dira diru-sarreren % 50 baino gehiago etxebizitzara bideratzen duten gazteen artean, % 30 baino gutxiago bideratzen dutenekin alderatuta.
Eta osasun ondorioak are okerragoak dira etxegabetzearen mehatxua jasaten dutenentzat. Social Science & Medicine aldizkari zientifikoak ebidentziak aurkitu zituen egoitza segurtasunik ezak eta etxegabetze mehatxuak osasun mentalaren narriadura handiagoarekin lotzen direla, antsietatea eta depresioa barne.
EuroHealthNet-en arabera, egoera zaurgarrienean dauden talde sozioekonomikoetako pertsonek osasun-egoera txarra izateko probabilitate bikoitza dute.
OMEk ere baieztatzen du diru sarrerek, etxebizitzak eta gizarte eta lan baldintzek gure osasunean duten eragina.
Ezin dugu onartu ziurgabetasun horiekin bizitzea, ez eta hauek gure normalitatea bihurtzea ere. Etxebizitza bat izatea, modu osasungarrian jatea eta gure osasuna zaintzea ez litzateke poltsikoan dugun diruaren araberako luxu bat izan behar.
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen diegu beren eskumenak erabil ditzaten etxebizitza duin eta eskuragarri baterako sarbidea bermatzeko, alokairu gehiegikeriak geldiarazteko eta espekulazioari aurre egiteko. Soldata eta pentsio nahikoak ere eskatzen ditugu, baita zerbitzu publiko sendo eta kalitatezkoak.
OPA Herri Plataformak koordinakundeak eta Nafarroako Osasun Plataformak dei egiten dute 2026ko azaroaren 11ko greba orokorrean eta mobilizazioetan parte hartzera, bizi-baldintza duinak defendatzeko eta behar ditugun aldaketak exijitzeko.
2026ko azaroaren 11n, denok greba orokorrera!