Egun osoz zabalduko dituzte etxebizitza duinen aldeko eta espekulazioaren aurkako aldarriak

Txintxarri Aldizkaria

Hilaren 11koa aurtengo bigarren greba orokorra izango da. Aurrekoa martxoaren 17an egin zuten, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde.

Asteazkenerako (hilak 11) egitaraua iragarri dute greba komiteko kideek; goizetik iluntzera arteko jarduerak antolatu dituzte, horien artean, 18:00etan Okendo plazatik abiatuko den manifestazioa. Horrekin batera, lantokiak husteko eta kaleak betetzeko deia egin dute.

Euskal gehiengo sindikalak (EHNE, ELA, ESK, Etxalde, LAB eta Steilas) eta etxebizitza sindikatuek hilaren 11ko greba orokorrera batzeko egin diete herritar guztiei, "etxebizitza eskubidea bermatu dadin eskatzeko eta espekulazioari ezetz esateko". Langileen pobretzearen aurka, soldatak igotzearen alde eta "denen eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan" mobilizatuko dira.

Ekintza horrekin bat egin eta greba komitea eratu dute Lasarte-Oriako zenbait eragilek, baita asteazkenerako egitaraua prestatu ere. Hauek dira iragarri dituzten ekimenak:

  • 07:00etan, Okendo plazatik abiatuta, piketeak.
  • 09:00etan, erdigunean barrena, kale bira zaratatsua. Soinua egiten duten tresnak etxetik eramateko eskatu dute.
  • 10:00etan, Okendo plazan, etxebizitzaren aldeko argazki erraldoia.
  • 11:45ean, Euskotren geltokian, Donostiako manifestaziora joateko (12:30ean hasiko da, Pio XII plazan) trena hartuko dute.
  • 18:00etan, Okendo plazatik abiatuta, manifestazioa.

Jarduera horietan guztietan parte hartzeko deia egin dute greba komiteko kideek. Asteazkenekoa aurtengo bigarren greba orokorra izango da; martxoaren 17an aurrera eraman zuten aurrekoa, 1.500 euroko gutxieneko soldaten alde.