Lantokiak husteko eta kaleak hartzeko deia egin dute

Txintxarri Aldizkaria

Euskal gehiengo sindikalak (EHNE, ELA, ESK, Etxalde, LAB eta Steilas) eta etxebizitza sindikatuek hilaren 11ko greba orokorrera batzeko egin diete herritar guztiei, "etxebizitza eskubidea bermatu dadin eskatzeko eta espekulazioari ezetz esateko". Langileen pobretzearen aurka, soldatak igotzearen alde eta "denen eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan" ere hartuko dituzte kaleak, lantokiak hustuta.

Etxebizitzarenak "bermatutako eskubide publikoa" izan beharko lukeela aldarrikatu dute, "osasungintza eta hezkuntza halakoak diren neurri berean". Hori erdiesteko oztopo nagusia "ondasun horiekin egiten den negozioa" dela salatu dute. Zehazki, "espekulazioa eta errentismoa" jarri dituzte jomugan.

Kalitatezko etxebizitza pertsona guztientzat bermatzea posible izan dadin, "erroko hiru aldaketa" behar direla adierazi dute: espekulatzaileak espropiatzea, jardun espekulatiboaren debekua eta etxebizitzen antolaketa justua, langileariaren beharren araberakoa izango dena. Horiek gauzatu bitartean bi neurri hauek hartzea exijitu dute: etxegabetze guztiak etetea eta bizitokien alokairuen prezioak jaistea. Ildo horretatik, premiazkoa iruditzen zaie Espainiako Gobernuaren zein euskal erakunde guztien jardunbidea jomugan jartzea, "etxebizitzaren negozioa indartzen duten politiketan duten ardura agerian uzteko".

Hori guztia esanda, hilaren 11n lantokiak husteko eta kaleak hartzeko deia egin dute lanuzte orokorraren deitzaileek, baita egun horretarako antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzeko ere. Eibarko eta Gasteizko mobilizazioak 12:00etan abiatuko dira; Bilbo, Donostia, Iruñea eta Tuterakoak, berriz, ordu erdi geroago.

Greba komiteak eratu dituzten herri eta hirietan bestelako ekimenak antolatzen ari dira hilaren 11rako, baita Lasarte-Orian ere. Hurrengo egunetan emango dute horien guztien berri.