Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak urri erdialdean babestu zuen datorren asteko asteazkeneko greba eta apurka-apurka udalerrietako eragileak ere batzen ari dira. Lasarte-Oriako taldeko kideek atzo iluntzean irudikatu zuten hori, agerraldia eta kantaldia eginda. Nazio mailako koordinakundeak bere garaian adierazitakoak bere egin zituzten: "Aberastasuna era ekitatiboan banatzea, gizarte eta lan eskubideak, eta pentsio, soldata eta etxebizitza duinak bermatzea helburu duten borroka guztiak defendatzen ditugu eta bizitza duinen alde borrokan jarraituko dugu".
Xumela koruko zuzendari Josu Txapartegi Txapas zarauztarrak gidatu zuen agerraldiaren osteko kantaldia. Besteak beste, Txanton Piperri abestu zuten.
Lanuzte deialdiaren testuingurua
EHNE, ELA, ESK, Etxalde, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dute greba orokorra, testuinguru honetan: azken urteetan izugarri igo dira etxebizitzen prezioak Hego Euskal Herrian, erosteko ala alokatzeko izan. Hori horrela emantzipatzeko zailtasun gero eta gehiago dituzte gazteek, etxebizitzak erosi nahi dituztenen soldatak ez dira bizitokien salneurriak bezainbeste igo eta merkatuan horiekin espekulatzeko produktu bilakatu dira. "Larrialdi egoera" sortu du horrek eta horregatik deitu dute lanuztera.
Egun horretan eskatuko dituztenen artean neurri hauek daude: prezioak legez kontrolatzea eta jaistea, merkatua eremu tentsionatu gisa izendatuta eta espekulazioa mugatuta; etxebizitza parke publikoa handitzea, batez ere alokairu sozialekoak; alternatibarik eskaini gabeko etxegabetze guztiak bertan behera uztea; edota etxebizitza eskubide unibertsal gisa bermatzea.
Lasarte-Orian greba komitea eratu dute eta egun horretarako ekimen sorta prestatzen ari dira, baita aurreko egunetan herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak ere. Hurrengo bilera ostiralean egingo dute, hilak 6, Oriarte Landaberri institutuan, 18:30ean.