Aurreikusitakoak beteta, 10:30ean ekin diote lasterketari eta 10:32an, berriz, ipar martxaren probari. Horien aurretik, ordea, partaide asko izan dira Hipodromo etorbidea inguruan beroketak egiten aritu direnak. Irteera puntura gerturatu dira denak hasiera unerako, eta dantzariek Agurra dantzatuta ekin diote egin beharrekoari: lasterka egiteari.
Michelingo zuzengunetik, Kale Nagusira heldu lehenik, eta handik, Oriarako bidea hartu dute. Ostean, ikusleek Hipodromoan barrena ikusi ahal izan dituzte lasterkariak gero, eta, handik, Zubietara iritsi dira. Zubieta atzean utzi, eta Geltoki kalea hartuta amaitu dute 10 kilometro pasatxoko ibilbidea. Iparmartxalariek antzeko bidea egin dute, baina zertxobait motzagoa. Michelindik abiatuta, Kale Nagusia igaro eta Zumaburu auzoan Oria ibaiaren ertzetik heldu dira berriz ere Michelin ingurura. Handik Geltoki kalea hartuta iritsi dira helmugara.
Indartsu zeharkatu dute horietako askok helmuga, indarrak akituta beste batzuk, baina denak ala denak egindakoaz harro. Eta are harroago, pozarren, nola ez, helmugara lehen postuetan iristea lortu duten parte hartzaile azkarrenak. Ander Garin eta Amagoia Iribar izan dira korrikalari azkarrenak, helmugaratzen lehenak. Eta iparmartxalari bizkorrenak, aldiz, Eneko Gallardo eta Naroa Larrañaga senideak. Helmugaratu diren lehen lasarteoriatarrak, aldiz, honako hauek izan dira: Jon Presa eta Nora Landaberea. Horiek guztiek eta askoz partaide gehiagok (kategoria bakoitzeko bigarren eta hirugarrenek, lasarteoriatar azkarrenek...) Okendo plazan jaso dituzte garaikurrak Ostadar SKTko antolatzaileen eskutik. Norbera bere etxera joan aurretik, talde argazkia atera dute.
1 zenbakidun dortsala eta aldarrikapenak
Bat, bi eta hiru zenbakidun dortsalak jantzita ikusi ahal izan dituzte TXINTXARRI-ko kazetariek lasterketan zehar korrikalari asko. Horien guztien artean, 1 zenbakiduna ere bai. XI. Euskararen Maratoia izan da aurtengo omendua, eta ekimen horren izenean, Jagoba Mendizabalek osatu du ibilbide osoa, baina, ondoan izan ditu, Geltoki kaleko zuzengunean, gainerako zortzikoteko kide ia guztiak; elkarrekin egin dituzte azken metroak.
Urtero baliatzen dute herritarrek hitzordua lasterketa egitearekin batera aldarrikapenak ere egiteko, eta aurten ere hala izan da. Izan da, besteak beste, Kuba gogoan, bertako bandera soinean hartuta lasterketa egin duen herritarrik. Ez da hori aurtengoan ikusi ahal izan den aldarrikapen bakana izan. Ttakun Kultur Elkarteko begiraleek ere euren aldarriak egin dituzte; salatu nahi izan duten egoeraren berri emateko eskuorriak banatzen egin dute lasterka zenbait begiralek. Bertan irakur daiteke udan begirale gisa lanean aritzearen truke jaso beharreko ordainsaria ez zaiela "ondo ordaindu", eta, oraindik orain, egoerari ez zaiola irtenbidea eman. Horiek helmugara iritsi aurretik, begirale gehiago (baita langile ohi eta herritarrak ere) batu zaizkie. Ttakun begiraleon soldatak zer? 85 egun? zioen pankarta baten atzean helmugaratu dira denak.