'40 urte eta 11 galdera': Euskararen Maratoiaren historia ezagutzeko lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria

Gure herriko euskararen historiaren zati bat berriz bizitzeko aukera duzue. TXINTXARRI ETA LASARTE-ORIAKO UDALAREN ARTXIBOA

XI. Euskararen Maratoia amaitu da, baina euskararen sugarra piztuta mantentzeko aukerak ez dira agortu. Aurten 40 urte bete dira lehen Euskararen Maratoia ospatu zenetik, eta urteurren berezi hau ospatzeko, '40 urte, 11 galdera' lehiaketa martxan jarri dugu gure atari digitalean. Azaroaren 8a izango da parte hartzeko azken eguna, igandea.

Helburua orain arteko 11 edizioetako oroitzapenak berreskuratzea, belaunaldiak elkartzea eta Lasarte-Oriako euskararen historiaren zati bat berriz bizitzea da. Horretarako, 11 galdera prestatu ditugu, maratoiaren edizio bakoitzari buruzko bana. Garai bateko leloak, protagonistak, ikurrak eta une bereziak gogoratzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Patxadaz erantzun

Ez dago presarik erantzuteko! TXINTXARRI-ren Maratoiteka atalean eta Euskararen Maratoiaren YouTube-ko kanalean dauden bideo historikoetan aurki ditzakezue erantzunak. Beraz, ikertu, iraganeko irudiak ikusi eta erantzun guztiak ondo pentsatzera gonbidatzen zaituztegu. Bi sari banatuko ditugu: batetik, 11 galderak zuzen erantzuten dituzuenon artean Euskal Herriko landetxe batean egonaldia zozkatuko dugu, bi gauekoa, bi pertsonarentzat (gosari eta afari bana barne); eta bestetik, azaroaren 8ra arte parte hartzen duzuen guztion artean sari berbera emango dugu, lehenaren irabazlea kanpo utzita. 

Ekimen hori LABORAL Kutxaren babesari esker gauzatuko da. TXINTXARRI-k eskerrak ematen dizkio euskararen, herritarren parte hartzearen eta tokiko komunitatearen aldeko proiektu horrekin bat egiteagatik.

Hortaz, Euskararen Maratoiaren historia berriz bizitzeko eta sari ederra eskuratzeko aukera duzue. Prest al zaudete 40 urteko historia 11 galderatan laburbiltzeko?

11 galderak

1986 Zein izan zen aurreneko edizioaren leloa?
1988 Zein datatan ospatu zen bigarren aldia?
1992 Nor ez zen izan III. edizioko zortzikoteko kide?
1996 Zenbat urte zituen garai hartan (IV. maratoian) zortzikoteko kide Agus Mujikak?
2000 Nork moztu zuen V. edizioko hasierako zinta?
2004 Zein abeslari famaturen abestia oholtzaratu zuen zortzikoteko kide David Egizabalek?
2008 Zein izan zen 2008. urteko ikur nagusia?
2012 Zein mendiren izena berreskuratu zen eta buzoia jarri zen bertan, VIII. edizioan?
2016 Zein izan zen 2016ko maratoian aurrera eraman zen ariketa linguistikoaren ikurra?
2022 Hiru fase izan genituen 2022an. Zeintzuk?
2026 Zortzikoteko kideetatik, nortzuk izan dira berriak aurten?

JOKATU