Euskararen Maratoiaren 11. edizioa "arrakastatsua" izan dela adierazi du Lasarte-Oriako Udalak ekimen horren gaineko balorazioaren berri emateko aurrera eraman duen agerraldian. Hori hala izan dela nabarmentzeko begi-bistakoak izan diren jarduerak eta horietan parte hartu duen jende kopurua izan dituzte ahotan: "Lau urtean behin egiten den ekimenak herritarrak euskararen inguruan elkartu ditu beste behin, eta herriko kaleak eta plazak topaketarako, parte hartzeko eta elkarbizitzarako gune bihurtu ditu".
Hala, gaineratu du "giro bikaina eta parte hartze handia" izan direla aurtengo edizioaren ezaugarri nagusiak: "Asteburu osoan zehar, adin guztietako herritarrek hartu dute parte, eta Euskararen Maratoiak herria mobilizatzeko eta euskararen erabilera jai giroan, modu hurbilean eta kolektiboan sustatzeko duen gaitasuna agerian utzi du beste behin".
Hausnartzeko eta herritarrak entzuteko tertulia
Jarduera eta ospakizunez harago, 11. edizioak euskararen egungo egoerari, etorkizuneko erronkei eta eguneroko erabileran aurrera egiten jarraitzeko aukerei buruz hausnartzeko espazioak ere zabaldu ditu.
Horren adibide izan da aldi honek izan duen berritasunetako bat; lehen aldiz antolatutako kafe-tertulia. Horren helburua izan da euskararen inguruko iritziak, kezkak eta proposamenak plazatzea eta herritarren arteko elkarrizketa sustatzea.
Hitzordu horretan 35 bat lagunek parte hartu dute, tartean Xumela, AEK eta EAGIko ordezkariek eta baita norbanakoek ere. Horrez gain, elkarrizketan zuzenean aritu ez diren herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegi bat ere jarri zuten martxan, eta ehundik gora erantzun jaso dituztela jakinarazi du udalak.
Goizeko 09:00etan ekin zioten aipatu saio horri, Santa Ana Parodia taldearen emanaldiarekin. Euskararen egoerari buruzko antzezlan labur bat eskaini zieten bertan bildutakoei; umorez eta irribarrez girotu zuten topaketa, ondoren taldeetan landuko ziren hainbat gairi bide emanez.
Askotariko gai, kezka eta proposamenak
Kafe tertulian euskararen egungo egoerarekin eta etorkizuneko erronkekin lotutako hainbat gai jorratu zituzten. Besteak beste, euskararen aldeko mezuak zabaltzeko moduak zeintzuk izan daitezkeen, gazteen hizkuntza ohiturak, teknologia berriek euskararen erabileran duten eragina eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta konfiantza. Halaber, euskaldun berrien ahalegina balioan jarri zen, hitanoaren erabilera sustatzeko beharra aipatu eta euskaldunen zein euskara ez dakiten pertsonen hizkuntza jarrerei buruz ere hausnartu zuten.
Elkarrizketa horietan "ikuspegi eta iritzi desberdinak" azaldu ziren, baina guztiek euskararen erabilera sustatzeko bide berriak bilatzearen garrantzia jarri zuten mahai gainean; belaunaldi berrien errealitatera egokitzeko, egunerokoan euskara erabiltzeko aukerak zabaltzeko eta herritarren arteko elkarlana indartzeko beharra nabarmendu zituzten.
Ekimen horretan partaideek egindako ekarpen horiek guztiak (eta galdetegiaren bidez jasotakoak) Lasarte-Oriak esparru horretan dituen erronkak zehaztu ditu. Hala, erakundeko ordezkariek aipatu dute iritzi horiek kontuan hartuko direla etorkizuneko lanketa ildoak zehazteko garaian, herrian "euskararen ezagutza, erabilera eta presentzia sustatzen jarraitzeko helburuarekin".