Ostean, Esnatu! Kafe tertuliari egin dute. Karpan bertan aurrera eraman dute egitasmo hori Ekimen hori egiteko arrazoiak zeintzuk izan diren azaldu dituzte antolatzaileek, eta bertan parte hartu duten taldeak aurkeztu dituzte, gero, banan bana. Xumela koruko lagunak eta norbanako gisa aritu diren herritarrek osatutako bi talde aritu dira lehenengo txandan, eta AEKko lagunak eta EAGI heziketa eskolako irakasleak eta norbanakoak, berriz, bigarrenean. Hizketaldia gidatzeko lagungarri izan zaizkien gaiak proposatu dizkiete antolatzaileek, eta horien gaineko hausnarketa egiten aritu dira, ahoz goran.
Askotarikoak izan dira mahaigaineratu dituzten ondorioak: hizkuntza eskubideak ez errespetatzeaz, euskarak bizi duen oldarraldiaz, euskara eskakizunez, eta erakundeen inplikazioaz.
Bizipozaren azoka
Talde solasaldiak amaituta, Bizipoza elkarteak azoka aurrera eraman du. Kale Nagusian izan da hori, eta, beraz, bertara lekualdatu dira karpan bildutako herritarrak. Elkarte ugarik jarri dute euren postua: Oporrak Bakean, Aspanogi, Bizipoza, Ume alaiak, Inurri, Kumme, Naizen, Ndank Ndank, Kaleko Afari Solidarioak eta Heriotza Bizitzatik.
Bien bitartean, Xumela koruko lagunak ere bertara joan dira kantuan aritzeko, eta sekulako giroa izan da. Askotariko abestiak kantatu dituzte, oraingoan, gainera, partaide berri batek lagunduta aritu dira; Serilok Djembea jo du Txapasek akordeoia jo bitartean, eta Xumelakoek abestu bitartean. Hunkigarria izan da emanaldia, zirraragarria. Denek elkarrekin saio ederra osatu dute.
LOZET elkarteko lagunek ere buruhandi eta erraldoiekin dantzan aritu dira Kale Nagusian hara eta hona. Haur eta guraso ugari batu zaizkie, eta eguraldi eguzkitsua lagun, ederki gozatu dute bazkalaurreko tarteaz.
Arratsaldeari ongietorria eman aurretik, ordea, tripak betetzeko unea heldu zaie herritarrei; herri bazkari ederra egin dute Okendo plazan. Askotariko jakiak dastatu dituzte.
Asteburuan zehar grabatzen ari garen bideoak hemen ikus ditzakezue.