Aparteko gaua izan da larunbatekoa

Txintxarri Aldizkaria

Ekitaldiz eta alaitasunez beterikoa izan da XI. Euskararen Maratoiko larunbateko gaua. Afari goxo-goxoarekin ekin diote larunbateko gauari lasarteoriatarrek. Jakiak dastatzearekin batera, herriko palmondoaren espeziea jakin dute: Kanariar palmondoa. Ondotik etorri da Erketz EDT, Zero Sette eta Alboka Abesbatzak elkarrekin eskainitako emanaldia. Kantuz, dantzaz eta akordeoiez onduta, ikusgarria izan da emanaldia. Jarraian, Piztu TB showak girotu du XI. Euskararen Maratoiko karpa. Orotariko aktuazioak eman dira; euskaratutako kantuak edota Maruxak taldearen remixa. Gainerakoan, euskal telebistetako programen bertsioak eginik, gogotik gozatu dute karpakideek. Tarteka, zutik jarri eta zortzikotearekin batera dantzatzera eta abestera animatu dira. DJ Armin ere oholtzaratu da. Karpa jasotzeko asmoz, Elektropottottek kalejira egin du erdigunetik. Bukatzeko, The Noisemakers eta erromeriak hartu du parrandaren lekukoa.