Ilaran zain egon ostean, paella goxo goxoarekin asetu dute gosea XI. Euskararen Maratoiko bazkarira hurbildu ziren herritarrak.
Bazkal bitartean, Emakumeen Etxeko eskaintzaren zein Maratoiean zehar jarriko diren kulturartekotasunaren gaineko lehen pilula ikusi ahal izan dute.
Musikak eta dantzak hartu dute ostean oholtza. Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiko kideek Maritxu nora zoaz doinuaren bertsio bat eskaini dute. Muntteri AEK kideek Korrika irudikatu dute kalejira eginez eta ahots finak dituztela ere erakutsi dute eurek sortutako kantu bat abestuz.
Bien bitartean, haurrek izan dute jolastu, marraztu edo aurpegia margotzeko txoko bat Okendoko arkupeetan.
Musika Eskolako kideek oholtza bete dute eta hiru doinu eskaini dituzte: Do re mi, Ikusi Mendizaleak eta Ixil ixilik. Azken horrek dantzan jarri ditu mahaian bazkaria amaitzen ari ziren herritarrak.
Eta erritmoa ez da falta izan jarraian Kukukako dantza saileko txikiekin. Zazpi jauzi, Txulalai edo euskal dantza sorkuntzako koreografiekin ederki mugitu dute gorputza txikie eta gaztetxoek.
Bitartean karpa haur eta gurasoez betez joan da. Izan ere, arratsaldeko ekitaldi handia hastear zen. Takolo eta Porrotxek magia ikuskizun berezia eskaini dute. Marimotots eta Pirritxi oholtzara igo eta Xalala Riki Riki abestiak eman dio hasiera koloretako Lasarte-Oria sortzeko uneari, eragilez eragile dantzan jarri dute Okendoko karpa.
Sudurgorrien ikuskizunaren ostean, herriko txikienak izan dira protagonista nagusiak; aken lau urtetan, hots 2022. urtetik 2026ra jaiotako haurrei ongietorria egin diete. Jaioturtearen arabera igo dira agertokira, senideak lagunduta, eta pailazoekin batera, abesti bana kantatu eta dantzatu dituzte. Txiki-txiki-txikia abestiaren erritmora astindu dituzte gorputzak 0 eta 1 urte artekoek, eta, 1 eta 2 urte artekoek, berriz, Tope tope Tomatxa dantzatu dute. 2 eta 3 urte artekoen txanda izan da gero. Ikusi ikusi han abestiarekin egin dute erakustalditxoa, eta 3 eta 4 urte artekoek Ran Rober Ran-ekin gozatu dute euren tartetxoa. Azkenik, 4 eta 5 urte artekoen txanda izan da; Epo itai tai ye dantzatu dute horiek. Herriko sudurgorriak ere ondoan izan dituzte, eta denek elkarrekin, tarte ederra igaro dute. Talde bakoitzeko partaideek, gainera, kolore jakin bateko puxika bana jaso dute opari.
Jaiotzea bezala, heriotza ere presente izan dute aurtengo edizioan. Gai horren gainean aritzeko, Heriotza Bizitzatik taldeko lagunak deitu dituzte oholtzara, eta horiek, aurrera daramaten lana azaltzearekin batera, gonbidapen bat egin diete plazan bildutako lasarteoriatarrei: koloretako xingolak zintzilikatzea egurrezko zuhaitz batean. Ez edozein arboletan, ordea; Carlos Irazu eskultoreak sortutakoan. Hori horrela, 40 urte hautetan guztietan hil diren lagun eta herritarrak gogoan izan dituzte. Tarte hori ixteko, June Huizi zortzikoteko kide gazteak Agurra dantzatu du.
Ordu aldaketa
Hamaikagarren orduari hasiera eman dio maratoiak ekitaldi hori amaituta. Ohi bezala, zortzikotea igo da oholtzara, eta aurtengo abestia dantzatu dute. Ez dira bakarrik aritu, ordea, karpan bildutako herrikideek lagundu diete. Festa giro alaiean Piztu! dute giroa.
Eta, halako batean, ezustean, 2022.urteko maratoian lasarteoriatarren artean aritu zen DJ famatua agertu da eszenatokian: Armin Agustin. Lasarteoriatar guztiek ongi jakin dute orduan zer zetorkien... Safri Duo abesti ezaguna dantzatzeko tartea. Halaxe egin dute, sekulako giroa sortu da plazan.
Herriko kirolarien txanda izan da gero. Donostia Arraun Lagunak taldeko arraunlari Aiora Belartietak uda honetan irabazitako banderetako bat ekarri du herrira: Kontxako Bandera. Denboraldi bikaina egin du aipatu arraun taldeak aurten, eta horren guztiaren gainean solastatu da. Berarekin batera, Beñat Telleria harrijasotzailea ere izan da. Duela hriu aste jokatutako pentatloi proban bigarren sailkatu zen Telleria, eta horren gaineko xehetasunak eman dizkie herrikideei. Hitzartzeak amaituta, aintzatespen xumea egin diete biei; Agurra dantzatu die Huizik.
Arranopola Txarangari jarraika joan dira ondoren plazan bildutakoak Sagardotegi Kalera. Bertan egin dute kantu eta dantza, eta handik, Okendorako bidea hartu dute, ordu aldaketa egin eta hamabigarrenari hasiera emateko. Bero-bero abestiarekin eman diote ongietorria 60 minutuko tarte berriari.
Asteburuan zehar grabatzen ari garen bideoak hemen ikus ditzakezue.
*OHARRA: Arratsaldeko irudiekin argazki galeria osatzeko arazoak ditugu. Hori hala izanik, argazki horiek guztiak ahal bezain laster argitaratuko ditugu.