Gogotsu ekin diote festari

Lierni Apaolaza Urdanpileta

Hasiera bikaina eman diote lasarteoriatarrek XI. Euskararen Maratoiari. Euri zaparrada itzela bota arren, gogotik gozatu dute larunbat goizerako prestatutako jarduerekin. 

Herriko ikastetxeetako umeek hartu dute oholtza, larunbat goizean. Kurtsoz kurtso igo dira eszenatokira herriko gaztetxoak mimoz eta tentuz preparatutako koreografiak eta kantuak interpretatzera. Irakasleak ere ausartu dira mikrofonoa hartzera, baita aldakak eragitera ere.  Lagunez eta senidez osaturiko publikoak artistek bezainbeste disfrutatu du ikuskizunaz. 

Meteorologia txarraren eraginez, lekuz mugitu dute baserritarren eta sortzaileen azoka, eta Okendoko atzekaldean bildu dira azokako hamasei postuak. Denetarik saldu dute; besteak beste, bitxiak, edariak, jokoak, ogia eta pastelak. Herritar ugari bertaratu da, eta produktuak eskuratzeko aukera aprobetxatu dute. 

Giro ederrean zeudelarik, Aristerrazu Txiki erromeria, azokaren ondoan egin dute. Trikitiek eta panderoek kitzikatuta, orotariko adineko hainbat lasarteoriatar animatu dira dantzari finak direla erakustera. 

Bazkarirako mahaiak eta aulkiak jartzeko tartean, Arranopola Txarangak kalejira sortu du karpa husteko. Beste behin, euriak ez du lagundu. Hori dela-eta, plazako arkupetan jo du txarangak, emanaldi osoan zehar. Hoztutako herritarrek harrera beroa egin diete eurek interpretatutako doinu politei. 

Bien bitartean, gertu ipini da Jakoba Palmondo berak antolatutako leihaketarako parte hartzaileak lortzen. Gauean jakingo dute lasarteoriatarrek zein den herriko palmondoa. 

Asteburuan zehar grabatzen ari garen bideoak hemen ikus ditzakezue.