Goizeko zortzietarako beteta zeuden udaletxe zaharreko arkupea eta pareko espaloia. Ez da gutxiagorako: lau urteren ostean bueltan da Euskararen Maratoia. Hamaikagarren edizioa da aurtengoa eta goizean goizetik zaparrada ederrak egiten ari bada ere, sugarra pizteko eta asteburuan bakarrik ez, aurrerantzean ere sugarra piztuta mantentzeko prest dauden herritar ugari lehen orduan jaitsi dira ekimenaz gozatzera.
Gozatuko dutenak (lan mordoa ere eginda, jakina) zortzikoteko kideak izango dira baita ere. Beteranoenetatik hasi eta aurten aurrenekoz ariko direnetara, guztiek ilusioz ekin diote 40 orduz euskarazko hitza piztuta mantentzearen erronkari. Duela 40 urte burutazio hori izan zuena, Agus Mujika, edizio askotan zortzikoteko kide ere izandakoa, bertaratu da hasiera ekitaldira eta hastapenak nolakoak izan ziren kontatu du.
Erketz EDTko dantzari trebeek Agurra dantzatu dute gero, txistularien eta danbolin jotzaileen doinupean. Amaitu dutenean, "Gora Euskararen Maratoia!" oihukatu dute guztiek eta ilara luzea osatu dute Euskararen Maratoiaren harria Okendo plazako karpara garraiatu duten zortzikoteko kideen atzetik.
Estalpera iritsi direnean hasiera ekitaldi instituzionala egin dute: Agustin Valdivia alkateak, udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Inma Muñoak hitz egin dute hurrenez hurren. Denek ala denek gozatzeko eta parte hartzeko deia egin dute, baita astelehenetik aurrera sugarra piztuta mantendu eta euskararen alde lanean jarraitzekoa ere. Izan ere, Muñoak nabarmendu duenez, haize gogorra dator eta ez bakarrik gaurko eguraldiagatik.
Zinta moztutakoan aldakak askatzeko unea heldu da. Abesti berrietako bat dantzatu dute aurrena, Piztu!, eta borondatez aritu badira ere koreografia fintzearen erronka jarri diete euren buruei. Orduak soberan dituzte aurretik horretarako. Ostean, abesti historiko eta kuttuna interpretatu dute, dagoeneko zenbait edizio bizitu dituzten herritarrei eskaerari erantzunda: Bero-bero.
Horrelaxe egin dute aurreneko ordu aldaketa, bero-bero eta goizeko hotza zein hezetasuna ahaztuta.
Asteburuan zehar grabatzen ari garen bideoak hemen ikus ditzakezue.