Plan horrek hezkuntza, familia, kirola, kultura, merkataritza, ostalaritza, aisialdia eta udal administrazioaren gisako alorrak ditu kontuan eta horietan guztietan aurreikusten ditu euskararen ikaskuntzarekin zein erabilerarekin zerikusia duten neurriak. Udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak azaldu duenez, "2026-2030 aldirako udalaren hizkuntza politikaren plangintza" da AROA: "Neurriak jarraitzea eta datozen urteetan izango duten garapena ebaluatzea ahalbidetuko digu".
Diagnostikoa eta parte hartzea oinarri
"Lasarte-Oriako hizkuntza errealitatearen diagnostikoa eta parte hartze prozesu bat" izan dira AROA plana prestatzeko oinarriak. "Datu soziolinguistikoak aztertu ditugu eta norbanakoen zein eragileen ekarpenak jaso ditugu", zehaztu du Alkortak. Horri lotuta, aurreratu du "euskararen ezagutzaren eta eguneroko erabileraren artean dagoen aldea" dela identifikatu duten lan eremuetako bat. "Bide orrian eguneroko bizitzako hainbat esparrutan garatzeko jarduerak jaso ditugu".
Urtez urte urratsak egitea eta jarduerak gauzatzea espero dute sustatzaileek. Hori horrela, zortzi jarduera programatu dituzte aurten, hamabost datorren urtean, 21 2028an, hamasei 2029an eta hamahiru 2030ean. Horiek guztiak jarraitzeko eta ebaluatzeko Euskara Kontseilua sortzea aurreikusi dute. "Aurreikusitako ekimenen garapen maila ezagutzea eta bide orri osoa aldizka ebaluatzea ahalbidetuko digu".
Bost urtetarako den plan hori gauzatu ostean bigarren etapa bat garatzea espero dute, 2031n hasi eta 2034ra arte.
Bost ardatz estrategiko
- Gobernantza: euskara udal jardueran "zeharka txertatzeko neurriak" jaso dituzte AROA planean, Udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak adierazi duenez. Aurreikusi dituzten jardueretako batzuk dira erakundearen espazioetan herritarrek arreta euskaraz jasotzeko aukera bermatzea, udalaren prentsaurrekoetan hizkuntza horren erabilera handitzea eta Euskara Kontseilua sortzea.
- Jarrera eta motibazioa: euskarazko kultura eskaintzarekin, Euskaraldiarekin eta herriko jaietan euskararen presentziarekin lotutako ekimenak bildu dituzte.
- Ezagutza eta gaitasuna: euskara ikastea errazteko eta herritarren hizkuntza gaitasunak hobetzeko ekinbideak prestatu dituzte, besteak beste, udalaren dirulaguntzak berrikustea, euskaltegietako prestakuntza eskaintza eta mintzapraktika zein hizkuntza laguntzarako programak.
- Erabilera eta elkarreragina: merkataritzan, ostalaritzan, kirol elkarteetan eta bai haurrentzako bai familientzako aisialdi jardueretan euskararen erabilerarekin lotutako jarduerak.
- Ikerketa eta sistematizazioa: euskarari buruzko pertzepzioak, jarrerak eta diskurtsoak aztertzea aurreikusi dute. Etorkizuneko jarduerak bideratzeko informazioa eragile ugarirekin elkarlanean eskuratuko dute.