Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategikoa martxan jarriko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 30a, 14:30

Euskaldunak "ahalduntzeko bide berri bat" abiatzea da udalaren asmoa; horrela adierazi du Agustin Valdivia alkateak. Ondoan izan ditu Euskara saileko zinegotzi Estitxu Alkorta eta Aztiker Soziologia ikerguneko ordezkari Enara Eizagirre. Horiek guztiek nabarmendu dute estrategia parte hartzailea dela, eta horren xedea dela herriko euskararen egoera diagnostikatzea eta herritarrekin batera etorkizuna markatuko duten ekintzak definitzea 

Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko, eta azpimarratu, Lasarte-Oriak Aroa prozesuaren bidez "bide berri bat" hasi nahi duela euskara biziberritzeko eta hizkuntza hori hitz egiten dutenak ahalduntzeko: Horrez gain, gogorarazi du azken urteetan erakundeak "urrats handiak" eman dituela, baina errealitate linguistikoa "dinamikoa eta aldakorra denez, "ikuspegi berritua" beharrezkoa dela. Hala, ohartarazi du prozesua ez dela udal ekimen soil bat; eta herritarren eta herriko eragileen parte hartze aktiboa ezinbestekoa izango dela. 

Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak hartu du hitza gero, eta nabarmendu, aipatu ekimena ez dela erabat berria. Gogora ekarri ditu udalerriak dagoeneko garatu dituen gisa horretako planak (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia edota Euskara Sustatzeko Ekintza Plana); oraingoan, ordea, "estrategia eguneratzea" ezinbestekoa dela iritzi du. Gauzak horrela, xedea zein den adierazi du: egoeraren gaur egungo diagnostikoa izatea, aukerak eta erronkak identifikatzea, eta ekintza zehatzak adostea euskarak aurrera egin dezan herriko bizitzako esparru guztietan. 

Prozesuak bi fase izango dituela iragarri du gero Aztiker Soziologia ikerguneko Enara Eizagirrek. Lehenengoan, Lasarte-Oriako euskararen egoeraren diagnostikoa egingo dute. Horrela, datuak aztertuz, aurreko planak berrikusiz eta inkesta eta elkarrizketen bidez herritarren eta tokiko eragileen iritziak jasoko dituzte. Bigarren fasean, aldiz, diagnostiko horretatik abiatuta, Aroa diseinatuko dute, helburuak, ardatz estrategikoak, ekintzak eta jarraipen mekanismoak. Hori guztia azarotik urtarrilera bitartean hiru saio irekitan bilduko den talde eragile batekin elkarlanean aurrera eramango dute. 

2025eko urritik 2026ko udaberrira bitartean garatuko dela ere aditzera eman du Eizagirrek, eta esan, herritarren parte hartzea eta genero ikuspegia izango dituela ardatz; emakumeen eta gizonen ahotsa berdin ordezkatuta egotea bermatuko dute.

Diagnostiko faseari ekiteko, udalak datozen egunetan sarean bete beharreko inkesta bat jarriko du herritarren eskura, udal kanalen eta tokiko hedabideen bitartez zabalduko dena. Bertan, euskararen egoeraren gaineko iritzia eman eta etorkizunerako proposamenak egiteko aukera izango dute partaideek. 

Agerraldia amaitzeko, hiru ordezkariek herritarrak egitasmoan aktiboki inplikatzera gonbidatu dituzte. Gogorarazi dute proiektu kolektiboa dela, eta euskararen etorkizuna Lasarte-Orian guztion artean marraztu behar dela.