Ixiar Rozas herritarrak irabazi du euskarazko literaturako Euskadi saria

Txintxarri Aldizkaria

Epaimahaiko kideek azpimarratu dute idazle lasarteoriatarrak 'Narrugorrik' liburuan egindako "literatur esplorazio lana", hizkuntzaren bidez adierazteko "modu berriak" topatu izana eta obra horren bidez  erakutsi duen "literatura generoen artean mugitzeko gaitasuna". Aurtengo urtarrilean egindako elkarrizketan egileak kontatu zigun "biluztasun uneez eta moduez egindako konposizioa" dela saritua izan den lana.

Beste bi saridun iragarri dituzte Donostiako Tabakaleran egindako prentsaurrekoan: Yolanda Arrietak irabazi du haur eta gazte literaturaren Euskadi saria, Zurtz lanarekin; eta Kike Ibañezek eskuratu du ilustrazioen alorrekoa, El diablo sobre ruedas obran egindako lanagatik. Bi horiek eta Rozasek 14.000na euro poltsikoratuko dituzte eta aukera izango dute beste 4.000 euro irabazteko, baldin eta epaimahaiak saritu dituen liburuak beste hizkuntza batera itzultzen badira.

Maiatzean liburua Jalgi kafe antzokian aurkeztuko zuela-eta urtarrilean elkartu ginen idazlearekin, Narrugorrik (Consonni, 2025) lanari buruz luze eta zabal hitz egiteko. Obra horretan jasotakoari buruz galdetu eta hauxe erantzun zigun: "Liburuan sartzen hasteko, gogoeta bat: barrurako zein kanporako bidaia bana dago. Gauza guztiek dituzte norabide bikoitzak, edo gehiago, eta horietan sartzean mundu bat irekitzen da. Biluztasun une eta moduekin egindako konposizioa da. Unea esaten dudanean, adierazi nahi dut gauza asko daudela barruan: soinuak; animaliak, gizakiak, mota guztietako izakiak; paseoak eta paseoetako lagunak, ibilaldiak, zeharkaldiak. Batzuetan narrazioen bidez eman diet forma, eta besteetan, poesiaren bidez. Uneoro dago forma poetiko, erritmo baten bilaketa. Niretzat idazketa hori da une honetan. Eta gero arakatu ditut baita ere biluztasun moduak: Narrugorrik da biluzik esateko era bat. Liluragarria izan da aldaera horiek guztiak aurkitzea. Hitz hori erabiltzen dugunean irudikatzen dugu pertsona bat arroparik gabe. Gaur egungo gizartean tabu izaten jarraitzen duen biluzdura fisiko hori badago lan honetan, propio bilatutakoa, baina beste mota batzuk ere bai. Entzumenarena, esate baterako, halaxe gaudelako entzuteko ariketa egiten dugunean; betazalak dituzte begiek, baina belarriek, ez".

Donostiako Tabakaleran egin dute saridunak iragartzeko prentsaurrekoa eta bertan dira, sarituez gain, Andoni Iturbe Kultura sailburuordea eta Ana Lopez Kultura sustatzeko zuzendaria. Saritu bakoitzak 14.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago jasoko dituzte, euren lanak beste hizkuntza batera itzultzen badira.