Hartu eskuetan gauza hauek: arkatza, boligrafoa edota errotulagailua eta, batez ere, agenda. Ireki. Urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza. Geldi! Topatu orain hirugarren astea eta 21. eguna. Idatzi: ordua, 18:30ak. Tokia, Jalgi Kafe Antzokia. Barrura eta era berean kanpora egiteko bidaiaren koordenatuak dira, Ixiar Rozas Elizalde idazle lasarteoriatarren Narrugorrik lana (Consonni argitaletxea, 2025) ezagutzekoarenak.
Bidaia horretarako ia lau hilabete falta dira, urrezkoak izan daitezkeen 112 egun, liburua eskuratu eta gorputzetik idatzitako, entzumenetik pentsatutako eta bizitzatik bibratutako unibertsoan murgiltzeko; kontakizunak ulertzeko lerro zuzenetatik desbideratu, aldaka askatu eta zentzumenekin dantzatzeko.
Zer dago liburu honetan, Ixiar?
Liburuan sartzen hasteko, gogoeta bat: barrurako zein kanporako bidaia bana dago. Gauza guztiek dituzte norabide bikoitzak, edo gehiago, eta horietan sartzean mundu bat irekitzen da.
Biluztasun une eta moduekin egindako konposizioa da. Unea esaten dudanean, adierazi nahi dut gauza asko daudela barruan: soinuak; animaliak, gizakiak, mota guztietako izakiak; paseoak eta paseoetako lagunak, ibilaldiak, zeharkaldiak. Batzuetan narrazioen bidez eman diet forma, eta besteetan, poesiaren bidez. Uneoro dago forma poetiko, erritmo baten bilaketa. Niretzat idazketa hori da une honetan.
Eta gero arakatu ditut baita ere biluztasun moduak: Narrugorrik da biluzik esateko era bat. Liluragarria izan da aldaera horiek guztiak aurkitzea. Hitz hori erabiltzen dugunean irudikatzen dugu pertsona bat arroparik gabe. Gaur egungo gizartean tabu izaten jarraitzen duen biluzdura fisiko hori badago lan honetan, propio bilatutakoa, baina beste mota batzuk ere bai. Entzumenarena, esate baterako, halaxe gaudelako entzuteko ariketa egiten dugunean; betazalak dituzte begiek, baina belarriek, ez.
Aldaera horiek Euskaltzaindiaren Herri Hizkeren Atlasaren mapetako batean agertzen dira eta saiatu naiz hitz horiei beste erabilera batzuk ematen, haiekin jolasten, kasu batzuetan hitza beraren esanahia astintzen eta soinuari garrantzi gehiago ematen. Hitza soinuaren alde jartzearen zergatia, filosofiaren ildo nagusi batzuk deseraikitze ekintzarekin eta feminismoarekin zerikusia duena, Sonar la voz. 9 ensayos y partituras (Consonni, 2022) nire aurreko liburuan azaldu nuen.
"UNEORO DAGO FORMA POETIKO, ERRITMO BATEN BILAKETA; NIRETZAT, IDAZKETA HORI DA"
Zaurgarritasunarena da lanaren aurkezpen agerraldian nabarmendu zenuen kontzeptuetako bat.
Oinarrizko premisa honetatik abiatu naiz: bulnerabilitatea da gure giza kondizioa. Modernitatean subjektu independente, autonomo eta bertikalaren irudia eraikia izan den arren, gizonezkoak gehienetan, zaurgarriak gara denak eta interdependentzia daukagu; autosufizienteak garela pentsatzea ilusio hutsa da.
Nabarmendu nahi dut baita ere ideia hau: jaiotzen eta hiltzen garenean biluzik gaudela. Hego Euskal Herrian euskaraz idatzitako aurreneko liburutik [XVI. mendekoa da], Joan Perez Lazarragaren eskuizkributik hartu nuen esaldia, oso ederra iruditu zitzaidana: Piloxic jaio ninçan, pilox nago, piloxic ilgo naiz ni guero. Apaiza izanik kristautasunetik idatzi zuen eta sinesmen sistema horretatik urrun banago ere, epaitu gabe ekarri dut liburura.
Egia esateko, bizitzaren une honetan gertuago nago ekialdetik datozen pentsamendu sistemetatik. Holistikoagoak dira, bizitza modu oso eta sakonagoan ulertu eta praktikatzen dute, eta hori aurrera eramateko tresnak lantzen dituzte aspalditik. Hori batetik, eta bestetik, zaurgarritasunaz eta inklinazioaren kontzeptuaz, hau da, ni-a (egoa) inklinatu eta besteengan edo beste izakiengan bermatzeko ekintzaz, Sonar la voz liburuan idatzi nuen ere.
Kontatu diguzu zer dagoen liburuan. Nondik idatzi duzu?
Pasarte asko entzumenetik idatzi ditut. Zenbait hilabetetan zehar soinuen eguneroko bat egin nuen: jarri nintzen auzo honetan, Zabaletan, Lasarte-Oriako beste toki batzuetan, mendian... entzuten. Oso interesgarria izan da niretzat ariketa hori. Batetik, leku horietan egon naizelako; liburu oso fisikoa da, gorputzak presentzia handia dauka. Eta bestetik, entzumenak gauza oso eder bat duelako. Entzuten dugunean, batzuetan, memoriak etortzen zaizkigu: oraintxe bertan ariketa hori egingo bagenu eta adituko bagenu inguruan gertatzen ari dena, gauza asko gertatuko lirateke. Horiekin batera, baziren aspaldi kontatu nahi nituen gauza batzuk.
Zabaleta auzoko Arima tabernan elkartu ginen Ixiarrekin, astearte arratsalde batean. Idazleak aurreko erantzunean aipatu duen ariketa egiteko eta bestelako soinu batzuk entzuteko moduko giroa izan genuen bertan.
Zentzumen horri garrantzi gehiago eman eta soinuek beste dimentsio bat hartuko lukete, nolabait?
Erabat. Horrekin jolastea da kontua, kontzientzia hartzea eta zentzumenak fintzea: noiz erabakitzen dugun gertu dagoena entzutea eta noiz urruti-urruti dagoena. Irudi asko etortzen ahal zaizkigu orduan, niri gertatu zait lan honekin. Batzuetan izan dira nireak, pertsonalak, subjektiboak; beste batzuetan, ordea, kolektiboak, ez nire memoriakoak bakarrik.
Edizio prozesua nolakoa izan da? Erraza, zaila? Urte askotako lana egin duzula zehaztu zenuen aurkezpenean. Horrekin batera, eta liburuaren azalarekin jokotxoa egiteko-edo, zein izan zen jarri zenuen 'aurreneko harria'?
Hasi nintzenean ez neukan ideiarik ere noraino eramango ninduen. Biluzik, larrugorritan... entzun eta erabili ditut baina narrugorrik hitza bere horretan eta forma oso horretan ez. Aurrenekoz aditu nuenean pentsatu nuen: 'Uau'. Meteorito baten gisan erori zitzaidan hitz hori. Hasi nintzen materiala sortzen, geruza desberdinetan: eguneroko entzumen ariketak, bakarrik edo paseoetan lagun izan ditudanekin; solasaldiak izan ditut baita ere, esate baterako, Jesus Mari Egizabal herritarrarekin, gero hitz egin dezakegu horri buruz nahi baduzu. Eta badaude mota gehiago ere. Horiekin guztiekin konposizio lana egin dut, dokumental bat balitz bezala, ez dagoelako kontakizun bakar bat, istorio asko baizik.
Idazketa prozesuan zehar erabakiak hartu nituen; ez batere logikoak, baizik eta intuitiboak. 25 urte dira aurreneko lana [Edo zu edo ni, Erein argitaletxea, 2000] argitaratu nuenetik eta urteen poderioz konfiantza hartu dut nire buruarekiko, nondik jo ez galdetzeraino. Horrek ez du esan nahi lanari eta idazteari buelta asko eman ez dizkiodanik.
Harriei buruz ere galdetu didazu. Konposizio lana egin bitartean paper pilo bat nuen eta paseo lekuak normalean haizetsuak zirenez, horiek eusteko erabiltzen nituen. Horrez gain, eta saiatzen naiz estraktibista ez izaten [barreak], baina ibiltzen noanean gustatzen zait harriak hartzea. Horien konposizioa oso interesgarria da zerikusia duelako konpostarekin, hartzidurarekin, deskonposatzearekin eta beste zerbait bihurtzearekin.
Portadara eraman duzunaz gain harri gehiagok osatzen dute liburua. Zuk hartutakoak dira guztiak? Hala izatekotan, mota jakin batzuetakoak ala edozein?
Bai. Karea, granitoa… Mundu minerala zoragarria iruditzen zait, harri guztiak gustatzen zaizkit asko. Forma zoragarriak, presentzia izugarria eta milaka urte dituzte; biziraungo gaituzte. Gu denok desagertuko gara eta harriek hemen egoten jarraituko dute.
Liburuaren iruditeria osoa, harriena ere bai, Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia, Bigararekin batera jorratu dut; diseinuaren alorra ere oso landuta dago.
Aipatu bezala, idazketa prozesuan harriekin egin dut lan, testuetan ere askotan agertzen dira, horregatik daude hain presente liburuak hartu duen forman. Orrialde bakoitzak espazialki hartu duen itxura ez da diseinu erabaki bat, horrela idatziak daude testuak, espazio horekin, txurigune horiekin, isiluneak dira. Adibidez, Pikarrai atalean, ozen irakurria izateko poema luzea, orrialdearen norabidea aldatzen da eta irakurketarena ere bai. Lerroak lerro bakar batean sartzea behar nuen. Hau da, liburuaren forma idazketa prozesuarekin pentsatzen noa ere eta hori dena Itziar eta Jon Anderrekin lankidetzan borobiltzen da. Modu oso organikoan egiten dugu lan, elkar oso ongi ulertzen dugu, intuizioetan ere bai. Gure hirugarren liburua da elkarrekin, Beltzuria (Pamiela argitaletxea, 2014) eta Unisonoa (Pamiela, Bandcamp, 2020) egin ostean.
Orain arte azaldu diguzun hori guztia nola irakurri behar dugu? Badago modu jakinik?
Aldaka askatu behar da liburu hau irakurtzeko. Lana esku artean hartzen dutenak utz daitezela eramaten. Topatuko dute aurreiritzirik gabe irakurri beharreko materiala. Hori esanda, egia da eskatzen duela presentzia bat, nik ere hortik idatzi dudalako. Etorri zaidanarengan sinetsi eta hortik jo dut.
Modu oso askean esperimentatu dudan arren, irakurleengan pentsatu dut. Ez, hala ere, pertsona mota zehatz batean. Iruditzen zait euskal literaturan beharrezkoak direla idazketa normatiboagoak eraikitzen ez dituzten lanak.
Liburua erritmoen segida bat da, arnasketa modu bat, energia mota bat. Horregatik eramaten uztearena, errekako urak bezala, dabilen ura bezala.
"BEHARREZKOAK DIRA IDAZKETA NORMATIBOAGOAK ERAIKITZEN EZ DITUZTEN LANAK"
Elkarrizketa hau lotzerakoan aurreratu zenigun, Ixiar, azaltzen dela Lasarte-Oria zenbait pasartetan. Onartu behar dizut 'Narrugorrik' irakurri dudala hori oso presente izanda, gure herria non topatuko. Liburuaren aurkezpen ekitaldiaren bideoa ikusi nuenean 60., 70. eta 80. hamarkadetako Lasartez hitz egin zenuen.
Kontatu nahi nuen Danok Kide elkartea sortu zuen guraso taldeak gure herriaren alde egin zuen lana. Oso ariketa interesgarria eta hunkigarria izan da, nire aita izan zelako horren guztiaren sustatzaileetako bat. Oso gazte hil zen eta memoria hutsune bat nuen pasarte horiek idazterakoan, liburuetara jo nahi ez nuenez, besteak beste, Jesus Marirekin [Egizabal] hitz egin nuen. Memoria bizia da gizon hori; sinestezina da zer-nolako xehetasunekin gogoratzen dituen garai horiek. Bihotz handikoa, eskuzabala.
Pasarte hori idazterakoan distantzia hartu nuen, ez nintzen aritu nostalgiatik eta ez nuen epaitu ezer. Nolabaiteko justizia poetikoa egin nahi nion gaur egun galdu egin den zerbitzuaren zentzuari eta komuna denaren alde lan anonimoa egiteari, baina hori guztia goraipatzera iritsi gabe ezta ere. Hasi zirenean, kaleek espaloiak ere ez zituzten! 1972koa naiz ni eta, ezagutu ez genuen arren, txikitatik entzun dugu hori. Jardunbide horretan badago zerbait inspiragarria izan daitekeena gu guztiontzat. Sare sozialik erabili izan gabe nola lortu zuten 900 familia baino gehiago elkartzea herriaren alde lan egiteko?
Kontatu dizudan hori guztia bizpahiru orritan jaso dut eta liburuak berrehun baino gehiago ditu. Hori esanda, orduak eta orduak igaro nituen pasarte hori idazteko.
Badira beste pasarte batzuk haurtzaroa, gure auzoa, ikastolako urteekin eta Lasarteko kaleekin zerikusia dutenak eta hor irakurle bakoitzak bere bidaia egingo du ziur aski.
Liburua irakurrita irudika ditzakegun toki fisiko guztiak daude Lasarte-Orian?
Bai, Lasarte-Orian idatzita dago liburua eta toki gehiagotan ere. Lasarte-Oria da aipatzen dudan toki fisiko zehatz bakarra eta agian horregatik irakurle batzuentzat liburuan agertzen diren toki fisiko guztiak herrikoak izan daitezke, jakina. Gogoko dut horrekin jolastu eta ez izendatzea, irudimenari aukera hori emateko. Horrela egin izan dut ere nire aurreko liburuetan. Oraingoan badira beste toki eta bailara batzuk ere: hegoaldean, Pirinioetan eta Alpeetan barrena egindako zenbait bidaietakoak.
LIBURUKO ZENBAIT PASARTETAN LASARTE-ORIA ZEHARKATZEN DU EGILEAK
Gure herriaz hitz egiten jarraituta, maiatz erdialdean Jalgin aurkeztuko duzu. Zer aurrera dezakezu hitzordu horri buruz?
Maiatzaren 21ean izango da ekitaldia, 18:30ean. Aintzane Usandizagarekin batera solastuko naiz eta ilusio asko egiten dit.
'Narrugorrik' aurkezteko prentsaurrekoa Donostian egin zenuen, urrian. Orri bakoitzean eskaintza bat egin duzula kontatu zenuen. Hasieratik izan zenuen hori garbi ala lana ondu ahala erabaki zenuen?
Niretzat amets moduko bat zen horrelako liburu bat idaztea. Ez dakit lortu dudan eta apaltasun osoz diot; hori bai, irakurle bakoitzak liburu desberdina irakurriko du.
Zer-nolako iritziak jaso dituzu orain arte irakurleengandik?
Azkuna Zentroak gonbidatuta, aukera izaten ari naiz bi urtetan material guztia ikertzeko, baita liburua ere; Narrugorrik argitaratu izana ez da helburua, tresnetako bat baizik.
Lanketa horren barruan, Narrugorrik-en idazketa prozesuan zehar zenbait irakurle izan nituen, besteak beste, Danele Sarriugarte, Ibon RG eta Usue Arrieta. Batek esan zidan konturatu zela zeinen estresatuta bizi zen, justu kontrakoa eskatzen ziolako liburuak: geratzea, isiltasuna... eta ez zuen lortzen. Ozen irakurtzen hasi zenean erdietsi zuen hori. Beste batzuek ere komentatu didate entzuteko liburua dela.
Liburua argitaratuta, aipatu duzun ikerketaren zein fasetan zaude?
Une honetan grabatu berri ditudan soinu piezekin lanean ari naiz: apasionantea da hitz idatzitik ahotsera eta soinura igarotzea. Liburuaren gaztelaniazko itzulpenarekin ere hilabete batzuk daramatzat. Bata zein bestea lankidetzan egiten ari naiz, aurreko lanetan bezala.

