Biluztasun uneez eta moduez egindako konposizioa aurkeztu du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 25a

Ixiar Rozas idazle lasarteoriatarrak 'Narrugorrik' lana ekarri du herrira eta aurkezpen ekitaldi goxo bezain dinamikoa egin du alboan izan duen Aintzane Usandizaga idazlearekin batera. 

Lehen unetik sortu zuten Rozasek eta Aintzane Usandizagak solasaldirako giro atsegina, bien arteko konplizitatea eta harreman ona tarteko. Umorez eta nostalgia puntu batekin hasi ziren, bi idazleen arteko belaunaldi jauzia hizpide hartuta. Rozasek Okendo plazan, San Pedro Jaietan, Itoiz taldeak eman zuen kontzertu mitiko bat ekarri zuen gogora; hura bertatik bertara bizi izan arren, bere oroimenean "erabat ezabatuta" daukala aitortu zuen, "gauza oniriko bat bezala". Aldiz, Usandizagarentzat, Itoiz zuzenean ikustea bere amets vintage-a litzatekeela adierazi zuen. Lagunarteko pasarte hori zuzenean lotu zuen Narrugorrik-en gai nagusietako batekin: memoriaren hutsuneekin eta galdutakoa gure barneetan kudeatzeko moduarekin.

Biluztasun uneez eta moduez

Liburuaren izenburutik hasi eta narrugorrik hitzak zer esan nahi duen galdetu zion Usandizagak. Idazleak azaldu zuen Euskaltzaindiaren herri hizkeren atlasetik hartu zituela biluzik esateko aldaerak (liburuaren atalak ere badira; biluziknarrubixiknarrugorrikbiloxiklarruhaslarrugorrinpikarrai eta bülüzgorri), Euskal Herri osokoak. "Hitz horiekin maitemindu nintzen eta nire barnearekin lotu nituen lehendik nerabiltzan intuizioak eta gertakizunak". 

Narrugorrik ez da ohiko trama eta pertsonaiadun fikziozko liburu bat. Rozasen hitzetan, material, intuizio eta geruza desberdinekin egindako "konposizio moduko bat" da, argumentu lineal baten ordez paisaia bat eraikitzen duena. Bertan, Lasarte-Oria (batzuetan zuzenean izendatua eta beste batzuetan zeharka iradokia) eta beste toki batzuk oso presente daude, horiek espreski zeintzuk diren ez aipatuta ere. 

Liburuaren ezaugarririk "bereziena" soinuari eta entzumenari emandako espazioa da. Rozasek nabarmendu zuen begiak edo ahoa itxi ditzakegun arren, belarriak ezin ditugula itxi, eta horregatik entzumena zentzumenik "biluziena" dela. Liburuko orrialde bakoitza soinu baten oihartzunarekin edo soinu horrek pizten duen memoria zati batekin hasten da, eta prozesu hori "entzumen ariketa erradikala" izan dela nabarmendu zuen, idazteko beste modu bat bilatuta eta bere burua "dantza batean" jarrita.

 

Erlazionatuak