Aristerrazu plazako festa  eta dantza giroa ekarriko dute Kale Nagusira

Txintxarri Aldizkaria

Plaza dantzak, erromeriakoak dantzatzeko aukera izango dute, larunbat eguerdian, Euskararen Maratoian parte hartuko duten herritarrek. Aristerrazu Txiki aurrera eramango du herriko trikiti eta pandero jotzaile talde batek

Aita San Pedro bailaran / aurkitzen da Aisterrazu / jakinean jartzen zaitut /lendikan ez badakizu / jai arratsalde alaia / igaro nahi badezu / bertara inguratzea / besten beharrik ez dezu. Hala dio Aristerrazu da plaza kantaren letrak. Igandero-igandero erromeria giroan dantzan aritzen dira Aiako Andatza auzoan dagoen plazara joaten direnak. Sekulako ospea du hitzordu horrek euskal musika, erromeria eta trikitixa giroan, eta hori hala izanik, ezaguna da hango eta hemengo bazterretan ere; baita Lasarte-Orian ere. Hori horrela, une batez bada ere, Aristerrazuko jai giroa herrira ekartzeko ahalegina egingo dute Euskararen Maratoiko antolatzaileek aurtengo edizioan. Aristerrazu Txiki ekimena iragarri dute hilaren 17rako, 13:00etan, eta horren gaineko zenbait xehetasun eman dizkio TXINTXARRI aldizkariari Enara Ieregi Uitzi herritarrak. Bera ari da hitzordu hori antolatu eta prestatzen, eta jarduerak berak zer emango duen egunean bertan ikusi ahal izango den arren, ekimenaren nondik-norako batzuk aurreratu ditu. 

Erromeria giroko abestiak joko dituzte; herritarrak bertaratzera deitu dituzte

"Zortzikoteko kideek eskatuta" hartu du Ieregik jarduera hori antolatu eta prestatzeko ardura. Azaldu du bi helburu nagusi dituela. Batetik, Okendo plazan egongo den karpa handia hustutzeko beharraz solastatu da: "14:30ean bazkaria aurrera eraman ahal izateko aurrez espazioa prestatu ahal izateko karpa jendez hustu behar da, eta hustutze hori aurrera eramateko aitzakia ederra da trikitiak hartu eta Kale Nagusira joatea". Bestalde, Aristerrazuko giroa Lasarte-Oriara ekartzeaz mintzatu da: "Erromeriarekin sortzen den giro hori herrira ekartzeko asmoz ere bai: "Euskal kulturari lekua egin eta egitasmoari folklore kutsua eman nahi izan diogu". 

Herriko musikari taldea

Galdetu diogu zeintzuk trikiti eta pandero jotzailek girotuko duten tarte hori, eta kontatu digu garai batean trikitiaren inguruan aritu izan ziren zenbait lasarteoriatar ariko direla agertokian. "Lasarte-Orian orain urte batzuk herritar mordoxka bat aritu ginen trikitixari lotuta. Denborak aurrera egin eta arrazoi ezberdinak medio, ordea, indar hori ahuldu egin da. Nahi izan dugu aritzen ginenon belaunaldi hartako kideok batu, eta egitasmoan jarduteko taldetxoa osatu". 

Alaber, bertaratzen direnek zein kantu dantzatzeko aukera izango duten ere iragarri du: "Pixka bat denetarik. Kalejiretatik hasi, fandangoa eta arin-arinetaraino. Bestelako euskal dantzak ere joko ditugu, zazpi jauzi, polka, eta abar. Plazan entzun izan ditugun horiek ekarriko ditugu Kale Nagusira". 

Larunbat bazkalaurreko tartea girotzeko asmoarekin antolatu dute Aristerrazu Txiki

Hori esanda, dantzara bertaratzeko deia egin die herrikideei, eta hitz hoiek baliatu ditu, azpimarratzeko dantzan dakitenentzako ez ezik, ez dakitenentzako lekua ere izango dela: "Musika entzutea edo dantzatzea gustuko duen edonorentzako hitzordua da. Besterik gabe ikusle bezala bertaratzeko asmoa duenari ere animatzeko esango nioke. Asmoa ere bada herriko dantza taldeei bertaratzera gonbidatzea, eta uste dut giro polita sortuko dela. Noski, dantzan ibiltzen ez den jendea ere deitu nahi nuke, egongo baitira dantzan badakitenak eta horiei pausoa jarraituz ederki egin ahal izango dute dantzan".