Gure herriko palmondoa zein espezietakoa den asmatzeko erronka bota digu adituak

Iñigo Gonzalez Sarobe

Jakoba Palmondoren arabera, gure herriko zuhaitzak 75 urte ditu. Arg.: Agus Mujika.

Lasarte-Oriako ikur ospetsuaren garapen biologikoa eta historikoa ikertu ditu Jakoba Palmondok. Landareak aurten 75 urte bete dituela-eta lehiaketa berezia prestatu du XI. Euskararen Maratoiko larunbaterako, hilaren 17rako

Zein da gure palmondoa? Galdera bikaina egin digu Jakoba Palmondo ikerlari-komikoak –Euskararen Maratoiaren sortzaileetako bat eta edizio askotan zortzikoteko kide izandako Agus Mujika herritarrak haragituko du pertsonaia–, Euskadi Irratian larunbatero fin aritzen den Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren lankideak. XI. Euskararen Maratoian herrira etorriko da eta erronka hau botako digu: landare ospetsu hori zein espezietakoa den. 11 aleren argazkiak jarriko ditu larunbat goizean, hilak 17, ea nork asmatzen duen. Gauean, afalostean, karpako pantailan ere erakutsiko ditu eta ordurako parte hartu ez dutenek aukeratzeko abagunea izango dute.

19,80 metro neurtzen ditu
Urtero 30-40 zentimetro luzatzen dela zehaztu du ikerlari-komikoak

Lehiaketarena ez da oholtza gainean egingo duen gauza bakarra, izan ere, Palmondok azaldu du 75 urte bete dituela landareak: "Nire ikerketa historiko eta biologikoen arabera horiexek dira betetzen dituen urteak, Fabian Mercero zenak 1950ean landatu zuelako". Udalerriko ikur bilakatu den zuhaitzak, beraz, lotura estua du Mercero-Iradi familiarekin. Arrieta etxean (gerora Ostatu Berri tabernaren goialdeko eraikin gisa ezagutu zuten herritarrek) bizi zen Fabian, Maria Iradi emaztearekin eta euren seme-alabekin. Bada, palmondotxo bat zeukaten, loreontzi batean landatuta. Sendiak berak kontatu zuenez, egun batean festa berezia egin zuten horren kontura: edukiontzitik atera eta lorategiaren erdian landatu zuten. Lasai-lasai zabaldu ziren sustraiak eta hazi egin zen palmondoa, hartu zuen tamainagatik lekuz aldatu behar izan zuten arte.

Errepaso historikoarekin jarraitu aurretik, gaur egungo tamaina nabarmentzea komeni da, palmondoak ez diolako hazteari utzi: "Urtero 30-40 zentimetro luzatzen da eta uneotan 19,80 metro neurtzen ditu", jakinarazi du ikerlari-komikoak.

Okendo plazaren zaindari

Parentesi teknikoa itxita, historikoa berrirekiko dugu. Azaldu dugu etxetik atera behar izan zutela palmondoa Mercero-Iraditarrek, lorategian ez zelako kabitzen. Handik gertu topatu zioten lekua: Okendo plazan. Hamarkadaz hamarkada enparantzaren eta herri osoaren zaindari bilakatu zen. Zenbat belaunalditako kideok jostatu gara bere itzalpean? Eta zenbat ekimen, ospakizun, gertaeraren... lekuko izan ote da? Ikerketa historiko eta biologikoez gain, soziologikoak ere gauzatzea eskatu beharko diogu Jakoba Palmondori.

XXI. mendea hasi eta gutxira aldatu zuten tokiz: Okendotik atera eta gaur egun Oriarte Larrekoetxe izenez ezagutzen dugun institutu ingurura eraman zuten, Buenos Aires aldapako joan-etorriak zaintzera. Bertan igaro zituen urte ugari baina jadanik ez dago han: gaur egun palmondoa bertatik bertara ikusi nahi dutenek Loidibarren pilotaleku atzealdera joan behar dute.

2.600  palmondo espezie daude
Munduan zehar topatu ditu guztiak; 202 generotan biltzen dira

Okendo plaza izango ote da hurrengo kokalekua? Gero eta bizilagun gehiago daude horren alde, Euskararen Maratoian bertan sortutako herri mugimenduak hauspotuta. Bederatzigarren edizioan hasi ziren aldarrikatzen, nor eta Agus Mujika bera buru zutela. Sei urte geroago Mailu Arruti, Ane Huizi eta Miren Egizabalek hartu zieten lekukoa sortzaileei.

Jakoba Palmondok dioenez, 202 genero eta 2.600 espezie daude munduan. Talde monofiletikoa da eta guztiek dute jatorri amankomuna. Hori horrela izanik ere, gure herrikoa bezalakorik ez dago beste inon.

Gure palmondoaren mugarri historikoak

Mercero-Iradi familia, artxiboa

1950 Fabian Mercero bizi zen Arrieta Etxean, Maria Iradi emaztea eta seme-alabekin, gerora Ostatu Berri tabernakoa izan zena. Palmondotxo bat landatu zuten han eta urte batzuetara mugitu egin zuten, hartu zuen tamainagatik.
2002 Mercerotarren etxeko lorategia Okendo plazaren parte bilakatu zen eta hamarkada ugari igaro zituen han, gure herriaren ikur bihurtzeraino. 2002. urtean tokiz aldatu eta Oriarte Larrekoetxe institutu ingurura eraman zuten.
2002tik AURRERA Oriarte Larrekoetxe institutu parera eraman zuten gure palmondoa 2002ko azaroan. Hamarkada pare bat pasa zituen han eta urtez urte hazten jarraitu zuen.
IX. MARATOIA, 2016 Gure palmondoa Okendo plazara itzultzeko herri mugimendua IX. Euskararen Maratoian gorpuztu zuten zortzikoteko kideek; Agus Mujikak hartu zuen ekimenaren gidaritza.
X. MARATOIALDIA, 2022 Sei urte geroago bizi-bizi jarraitzen zuen ikur ospetsua erdigunera bueltatzeko aldarriak. Kaleetan zein oholtza gainean errebindikatu zuten, pankarta eta guzti.
GAUR EGUN Palmondoa bertatik bertara ikusi nahi duenak ez du Oriarte Larrekoetxera joan behar, Loidibarren pilotaleku atzealdera baizik. Hurrengo kokalekua Okendo plaza izango ote da?