Katilu bete hitz, hausnarketa eta barre izango dituzte Esnatu! kafe-tertulian

Txintxarri Aldizkaria

Aitor Unanue eta Axun Larburu teknikariak, tertuliarako fitxa bat aztertzen. Argazkia: Euskararen Maratoia.

Kafe bat hartu bitartean, modu goxo batean, euskarari plaza ematea da Esnatu! kafe-tertulia ekimena antolatu dutenen asmoa. 11. Euskararen Maratoiko jarduera nabarmenetako bat izango da, urriaren 18an aurrera eramango dutena, 09:00etatik 13:00etara. Mimoz prestatu dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariek eta herritarrak animatu dituzte izena ematera.

Izan ere, hizlaririk gabeko solasaldia alerik gabeko kafea bezalakoa izango litzateke: ezin bata egin bestea gabe. Hori horrela, parte hartzera animatzen direnek azpialdeko formularioa bete, moztu eta Euskara Zerbitzura bertara zein Ttakun Kultur Elkartera eraman dezakete, edo, bestela, udalaren webgunera sartu eta esteka honetan topatuko duten formularioa bete.

Hiruzpalau laguneko taldeak osatzea da antolatzaileen asmoa, hiru tanda hauetakoren batean parte har dezaten: 10:00etakoa, 11:30ekoa edota 12:30ekoa. "Euskararen aurkako oldarraldia deiturikoaren bueltako gai guztiak izango ditugu hizpide. Hori bai, argi utzi nahi dugu ez garela negar egiteko zein penak konpartitzeko bilduko, baizik eta egoeraren kontzientzia hartzeko eta egin beharreko urratsak mahai gainean jartzeko", azaldu dute Euskara Zerbitzuko teknikari Axun Larburu eta Aitor Unanuek. Laster argitaratuko dute beraiek biek grabatutako bideoa Maratoiaren sare sozialetan (artikulu hau ilustratzen duen argazkia ikus-entzunezko horretatik atera dugu).

Umorea ez da faltako

Esnatu! kafe-tertulian landuko dituzten gaiak eta aterako dituzten ondorioak garrantzitsuak izango diren arren, ekimena ez da zurruna eta kutsu oso seriokoa izango. Bestela esanda, Okendo plazan ez da umorea faltako 09:00etatik 13:00etara. 

Horri lotuta, antolatzaileek jakinarazi dute parodia bat prestatzen ari direla; solasaldiak iraun bitartean landuko dituzten gaietan ardaztutako pertsonaia batzuen bideoak proiektatuko dituzte tertulia dinamikoagoa izateko eta jai giroa ez itzaltzeko.

Euskararen sugarra pizteko

Piztu! Sugarra gu gara lelopean egingo dute 11. Euskararen Maratoia urriaren 17an eta 18an, euskararen aldeko herri ekimena. 1986an egin zuten aurrenekoa, bi urte geroago bigarrena, eta lau urtean behin hurrengo guztiak (koronabirusak eragindako pandemia tarteko, 2020rako aurreikusita zuten jarduera bi urtez atzeratu behar izan zuten).

Erlazionatuak

Herritarrek esateko dutenetik edateko

Txintxarri Aldizkaria uzt 10 Euskara