ESKUALDEA

Dirulaguntza gehiago, euskara ikasteko erraztasun gehiago

Buruntzaldea

Azken hilabeteak gorabeheratsuak izan dira euskararentzat. Unibertsitatean Sartzeko Probak eztabaida handia piztu du, baita enplegu publikoko lan eskaintzei buruzko hainbat ebazpenek ere. Horren guztiaren gainetik, Buruntzaldeko zortzi euskaltegiek euskaraz trebatzeko aukera zabala eskainiko dute aurten ere. Bina euskaltegi daude Lasarte-Orian eta Hernanin, eta bana Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen.

Iaz, 951 lagunek eman zuten izena Buruntzaldeko euskaltegietan: A0 eta A2 mailen artean, 301ek; B1 eta B2 mailetan, 305ek; eta C1 eta C2 mailetan, 345ek.

Eskaintza zabala

HEOCek (Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak) hiru multzotan banatzen ditu euskalduntzearen mailak. 
A0 eta A2 arteko mailek oinarrizko erabiltzailearen gaitasuna lortzea dute helburu, eta modu sinple baina egokian hitz egitea eta eguneroko elkarreraginetan euskara erabiltzeko gaitasuna eskuratzea.

B1 eta B2 mailetan erabiltzaile independentea izatea da xedea. Ohiko gaiak eta egoerak ulertzeko eta horietan jarduteko trebetasuna lantzen da. B1 mailak eguneroko egoeretan euskaraz autonomiaz moldatzeko gaitasuna ematen du; B2 maila, berriz, gaur egun Batxilergoa amaitzean lortzen duten hizkuntza mailaren baliokidea da.

C1 eta C2 mailetan, helburua da eremu pertsonal, publiko nahiz profesionalean era guztietako informazioa modu landu eta egokian trukatzeko gaitasuna eskuratzea. C1 maila lehengo EGA titulazioaren baliokidea da; C2, berriz, euskararen gaitasun mailarik gorena.

Iaz, 951 lagunek eman zuten izena Buruntzaldeko euskaltegietan: A0 eta A2 mailen artean, 301ek; B1 eta B2 mailetan, 305ek; eta C1 eta C2 mailetan, 345ek

Ordutegiak, ikasleen beharretara egokituta

Euskaltegietako ikasleek goizez nahiz arratsaldez ikasteko aukera izango dute.

Ordutegiak euskaltegi bakoitzak zehazten ditu, eta ikasleen beharretara egokitzen saiatzen dira, ordutegia oztopo izan ez dadin.

Ikasketak aurrez aurre egin ahal izango dira, baina autoikaskuntzako modalitatea ere izango da aukeran, ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako ikasketa prozesua errazteko.

Dirulaguntzak mantendu dituzte

Euskara ikastea sustatzeko, Buruntzaldeko udalek oztopo ekonomikoak murriztu nahi dituzte, eta, horretarako, dirulaguntzak ematen segituko dute ikasturte berriari begira.

Buruntzaldea eskualdeko udalek dirulaguntzak eskaintzen dituzte baina HABEk ere badu laguntza sistema propioa, eta biak ala biak bateragarriak izan daitezke. HABEk, esate baterako, matrikularen kostua berreskuratzeko dirulaguntzak eskaintzen dizkie, maila gainditu edo egiaztatu eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleei.

Tokian tokiko laguntzak

Buruntzaldeko udal guztiek araututa dituzte euskara ikasteko dirulaguntzak. Udalerri bakoitzaren deialdiak bere ezaugarriak baditu ere, laguntza-lerroek antzeko irizpideak dituzte.

2024-2025 ikasturtean, eskualdeko udalek 207.033 euro banatu zituzten guztira, 591 ikasleren artean. Udalek eskaintzen dituzten dirulaguntzak eta HABEk eskaintzen dituenak bateragarriak dira. 

Dirulaguntzen baldintza eta epeei buruzko informazio zehatza udal bakoitzaren webgunean edo herritarren arreta zerbitzuan kontsulta daiteke.