Lasarteoriatarrek euskara ikastera anima daitezen nahi dute Lasarte-Oriako Udalak eta herriko euskaltegietako ordezkariek; hala adierazi dute gaur, prentsaurrean. Ikasturte berriari hasiera emanda, matrikulazio kanpaina abiatu dute herriko bi zentroek: Udal Euskaltegiak eta Munterri AEKk. Hilaren 23ra arte egin ahal izango dituzte interesdunek inskripzioak lehen zentroan, eta hilaren 25era arte, berriz, bigarrengoan.
Euskaltegi bakoitzak modalitate, ordutegi, maila eta xehetasunen berri zehatza emango die ikasturte honetan ikasketa prozesuan arituko direnei. Hala, aurreratu dute, ikastaroa euskaltegian bertan, hau da, aurrez aurre egin ahal izango dutela hala nahi dutenek, baina sarean egiteko aukera ere eskainiko dute. Horrekin batera, Ttakun Kultur Elkartearen Solaskide programaz ere mintzatu dira; euskara ikasten ari direnek herriko euskaldunekin elkarrizketa saioak egiteko aukera eskaintze die.
Berrikuntzak, matrikulazioari dagokionez
Bi berrikuntza dakartza aurtengo ikasturteak. Horietan lehena, Euskara Bonua da. EAEko euskaltegi guztietan eta Lasarte-Oriako udal euskaltegiko zein Muntteri AEKko ikasleek eskuratu ahal izango dute. Aipatu zentro horietan euskara ikasiko dutenak laguntzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako dirulaguntza sistema berria da, euskara ikastea inoiz baino eskuragarriago eta errazago egingo duena. Hori horrela, 120 euroko ordainketa bakar bat eginda, 720 orduko poltsa bat emango eskuratuko du ikasleak. Horiek, gehienez lau urtean gastatu beharko ditu, edozein euskaltegitan B maila bitarteko behe urratseko mailetan.
Bigarren berrikuntza, berriz, hobariak izango dira. Udal Euskaltegiko ikastaroen matrikulazioaren prezioetan aplikatuko dira eta bizikidetza unitatearen diru sarreren arabera. Hori horrela, 17.094 eurotik beherako diru sarrerak dituztenek, % 100eko hobaria jasoko dute. 17.095 eta 22.000 euro arteko diru sarrerak dituztenek, aldiz, % 65ekoa, eta 22.001 eta 29.000 euro artekoak dituztenek, ordea, % 25ekoa. 29.001 eurotik gorako diru sarrera dituztenek ez dute hobaririk eskuratzeko aukerarik izango, eta A0, A1 eta A2 euskara mailak doakoak izango dira.
Hobari horien bidez, udalak herritarren errealitate ekonomiko guztietara egokitu nahi izan duela adierazi du Estitxu Alkorta Euskara zinegotziak, eta gaineratu, euskara ikastea "eskubide eta aukera gisa indartzeko" ahalegina egin duela erakundeak: "Saiakera horrek argi adierazten du udalaren konpromisoa: euskara ikastea ez dadila oztopo ekonomikoa izan eta euskara ikasteko aukera gehiago eta oztopo gutxiago izan ditzatela".
Orain arteko diru laguntzak ere bai
Arestian aipatutako berrikuntzez gain, orain arte bezala, Lasarte-Orian erroldatutakoek herriko euskaltegiren batean euskara ikasteko ahalegina egiten badute, matrikularen % 85eko dirulaguntza eskura dezakete. Udalak 80.000 euro bideratuko ditu zeregin honetarako, baina interesdunek zenbait baldintza bete beharko dituzte.
Gutxienezko asistentzia bete beharko dutela iragarri du Pili Galan Udal Euskaltegiko zuzendariak eta, nabarmendu, horren eskaera Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuan egin beharko dutela, ikastaroa amaitu eta hurrengo hamabost egunetan.
Lasarte-Oriako zenbait datu
Agerraldia amaitu aurretik, Lasarte-Oriako euskararen erabileraren zenbait datu ezagutarazi dituzte. Kontatu dute herritarren % 45,5 euskalduna dela, % 20,4 euskaldun hartzailea, eta % 34,1 erdalduna. Erabilera orokorra, berriz, % 18 ingurukoa da. Zifra horiek eskuartean, honakoa esan du Alkortak: "Datu horiek erakusten dute zeregina dagoela euskara normalizatu nahi badugu, eta horrexegatik euskara ezagutzen edo menperatzen ez duten herritar guztiak herriko bi euskaltegietako batean ikastera animatu nahi ditu udalak, bai udal euskaltegian bai AEKko Muntterin ere”.