SANTA ANA EGUNA

Garesti ordaindu dute maltzurkeria

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 26a

Yussuf Yon Dirugoseandia Demassa eta Rasputina Txorizova De La Casa. Horiek izan dira aurtengo bi akusatuak. Lasarte-Oriako ongizartearen aurkako hainbat delitu leporatuta, epaiketari aurre egin behar izan diote, nahiz eta hasiera-hasieratik jakin errauts eginda bukatuko zutela, amaieran, parodia guztietan egin ohi den antzera. 76. edizioko gidoiaz Pablo Barrio, Amaia eta Olatz Iriberri ahizpak eta Arkaitz Illarramendi arduratu dira. 

Parodiarekin hasi aurretik, aitortza egin diete aurtengo omenduei, hots, Michelingo 100 Eguneko grebaren kideei. Aurten 50 urte bete duelarik, oroimenaren eta memoriaren garrantzia azpimarratu dute; oraina iraganaren emaitza izateaz gain, izan ginenetik sortuko direlako besteak. Gertatutakoa ez ahaztearen ideiari helduta eskaini die bertsoa Lierni Rekondok, "sekula ixil ez dadin zuen borrokaren hotsa". Jarraian, hitz batzuk esan dituzte omenduek. Euskaraz zein gaztelaniaz, eskerrak eman dituzte aitortzagatik, baita garai hartan grebarekin bat egindako langileei zein emazteei ere. Ohiko legez, zapi gorria jantzi diete, eta hori ez ezik, lore sorta bana, eman. 

Kaxianoren Zorionak kantuak ireki du parodia. Lasarte-Oria haragitzen zuen aktorea agertu da, musikaren doinuarekin batera. 4 eta 0. Bi zenbaki horiek eta bi globo. Harrituta egin diete harrera gainerako eszenakideek. Azken batean, bere urtebetetzea otsailean izan zen arren, uztailaren 26an ospatzea erabaki du udalerriak inork ez baitzuen zoriondu, ezta alkateak ere. Urteurrenak urteurren, beste hainbat talde ekarri ditu gogora Lasarte-Oriak, besteak beste, aitortu du hirurogei urte bete dituela Landaberri Ikastolak aurten eta laister ospatuko duela mende erdia Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak. 

Delitua non, testigua han 

Kiroldegiko igerilekuko saboteatu eta Lasarte-Oria krimenaren hiriburua bihurtu. Fin aritu dira aurtengo akusatuak, eta hala erakutsi dute oholtzaratutakoen testigantzek. Alde batetik, aqua-gymean ari zirela jaurti zuten pistinako sabaia, eta kasik bertan harrapatu zituzten Mari Kloro eta Marina Urezbeteta. Susto galanta hartu zuten biek. Bestetik, delinkuentzia handitu dute Dirugoseandia Demassak eta Txorizova De La Casak, krimen txiki baten truke espetxeratu eta etxea izango dutelakoan animatu baitituzte herriko gazteak. Esp-Etxe ekimenean, laguntzaile izan dute Casandra Salmentaundi.

Epaileak kotxea gaizki zuelako aparkatuta, deskantso labur bat izan dute. Tarte horretan, Azkorteko Erromeriaren inguruan aritu dira hizketan. Bertaratzeko autobusaren gorabeherak, elizkizuna emateko apaizen falta edota meza entzuteko bertaratzeko urria. Horretan ari zirelarik, Gurutz Apezetxea Iglesias agertu da konponbidearekin: Mezeta autobusean bertan eman; herri kirolak AAren bidez egin; Ttakun KEren taberna beharrean, Food Trucka ipinitzea eta giroa musikatzeko, erremolkean eramatea erromeriako artistak. Apezetxea Iglesiasek informazio gehiagorako webgunea zabaldu du: www.azkorteitinerante.eus. 

Epaiketarekin amaitu aurretik, kiroldegi berriaren izenarekin eztabaidatu dira. Michelin izena jarri nahi zion Michelin Jaunak, Lasarte-Oriari emandako guztiagatik, baina horren aurka sutsuki manifestatu dira Michelingo 100 Eguneko grebako bi emakumezko. Haren arabera, edifizio berriak herriaren izena eraman behar du. Duela 50 urte erabilitako indar berarekin neurtu dira multinazional frantsesaren aurka. 

Lekukoak oholtzaratu diren bitartean, mokoka aritu dira bi aldeen abokatuak. Alabaina, akusatuen patua ez da aldatu, eta sutan kiskaltzera kondenatu ditu Basajaunek.

Deabruak prest izan dira aurtengo bi akusatuak erretzeko, Erketz EKTeko dantzariak eta musikariak oholtzaratu direnerako. Artistek Sorgin Dantzarekin amaitzean, errauts bihurtu dituzte Yussuf Yon Dirugoseandia Demassa eta Rasputina Txorizova De La Casa. Onerako edo txarrerako, izango dira datorren urterako maltzurkeriatan aritutako beste bi alproja. 

Epaiketarekin amaituta, bapo eta txukun afaldu dute parodiako kideek, Ttakunenea Elkartean. 

Erlazionatuak

Gogotsu ekin diote egun handiari

Txintxarri Aldizkaria uzt 26, 13:25 Gizartea

Desfilea, parodiaren aurretik

Txintxarri Aldizkaria uzt 26, 23:40 Gizartea