Euskal irriaren hitzarmena berritu dute

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko uztailaren 24a

Ttakun KEren Udako Txokoetako haurrak eta begiraleak hamargarren urtez joan dira Atsobakar egoitzako egoiliarrekin goiz ederra igarotzera. Porrotx pailazoa ere lagun izan dute eta kanta ugari abestu eta dantzatu dituzte. Amaiera aldera sorpresa eta opari ederrak trukatu dituzte batzuek eta besteek, urtemuga berezi eta biribilaren harira.

Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte denok daukagu zer eman eta zer jaso. Ariketa hori bera egin dute gaur goizean Atsobakar egoitzan: bertako egoiliarrek Ttakun Kultur Elkartearen Udako Txokoetako txikitxoen bisita ederra jaso dute. Hori horrela, ordubete luzez eta Porrotx pailazoaren laguntzarekin euskal irriaren errepublika bilakatu dute eraikin hori. Elkar ezagutu eta harremana estutzeko asmoz, euskal kantu ezagun ugari kantatu eta abestu dituzte guztiek elkarrekin. Musika doinuak Hugo Amil begiraleak jo ditu, trikitixarekin.

Elkartruke ekimena aurrera eraman duten hamargarren urtea izan denez, urtemuga biribilaren harira sorpresa eta opari ederrak trukatu dituzte batzuek eta besteek. Aurrena, manifestu eder bezain hunkigarri bat irakurri dute begiraleek eta eskerrak eman dizkiete Atsobakarreko langileei zein Porrotxi gaurkoa bezalako esperientzia ahaztezina posible egiteagatik. Beste hamar urtez gutxienez antolatzeko asmoa adierazi dute jarraian. Horren ostean, margotutako esku bana oparitu diete eta talde argazkia atera dute. Beno, egia esanda, lau egin dizkiete argazkilariek: irribarretsu, mihia aterata, puzkerrak botatzen (soinu hori egin dute ahoekin) eta eskuak altxata. 

Ondoren, Atsobakarreko langileek eta Nagusilan elkarteko boluntario Encarni Baztanek olerki-bertsoa irakurri dute. "Ttakun, Porrotx eta hainbat bolondres, mundua hobetzen dute lan eta umorez. Guk asko maite zaituztegu, benetan bihotzez", bota dute. Egoitzako beharginek ere eguneroko jarduna halaxe egiten dutenez, eskertza eta maitasuna jaso dute bueltan. Eta horrelaxe, ordubeteko saio eder eta hunkigarriaren ostean, euskal irriaren hitzarmena berritu dute. Luzaroan iraun dezala!

Erlazionatuak