Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak goizeko zortzietan bertaratu dira eremura eta zintekin itxi dituzte inguruak. Bertaratu den bizilagun batek TXINTXARRI-ri kontatu dionez, 10-12 pertsona geratzen ziren oraindik eraikinean, gehienak atzo gauean irten baitziren bertatik. 09:00etan sartu dira poliziak eta gaua han igaro dutenak atera dituzte hurrengo minutuetan.
Bitartean, langileak hasiak ziren eskolako ateak eta leihoak ixteko lanetan. Lasarte-Oriako nahiz inguruko herrietako zenbait eragiletako kideak joan dira desalojoa zuzenean jarraitzera, baita udaletxeko teknikari batzuk ere. Hamarrak pasatxo, zintak kendu dituzte ertzainek eta joan egin dira, bertara eramandako furgoi eta autoetan. Eskola estaltzeko lanean jarraitzen dute brigadako beharginek.