Txarteleko parkingetik abiatu zen agerraldia. Desalojorik ez, soluziorik gabe ez goaz lelopean, Okendoraino ailegatu ziren Oztarango eskola zaharraren etxe-kaleratzearen aurka manifestatutako berrogeita hamar bat lasarteoriatar. Erdiguneko plazan zirelarik, testu bat leitu zuten, elebitan. Hitz horiek "duela aste batzuk asanbladan eginda eta bertako bizilagunekin sortutako testutik" abiatu ziren.
Jakinarazi zuten duela "ia urtebetetik" hainbat bizilagunen aterpe izan dela Oztarango eskola zaharra; Berritzegune izandako eta "egitura arazo teknikoak" zirela-eta, Lasarte-Oriako Udalak abandonatutako eraikina. Gaur egun, 20 pertsona inguru bizi dira, bertan, eta euren bizimodua okertu egin omen da, azken asteotan. Izan ere, helarazitakoaren arabera, presentzia poliziala "areagotu" egin da. Hori ez ezik, jada, egunero joaten dira "argia kentzera eta gauean, etxetik kanporatzera eta identifikatzera". Urik gabe direla ere aitortu zuten.
"Paperik gabe eta baldintza txarretan mantentzen" dituztelarik, argitu zuten Madrasa ez dela "palazio" bat, eta ez litzatekeela inor han bertan biziko beste aukerarik izango balute. Alabaina, gaineratu zuten "baldintza minimoak lortzeko aukera" dela, bestelako alternatibarik ez baitute. Hori dela-eta, plazaratu zuten ez direla inora joango, ez baitiete soluziorik eman agintariek, eta "konponbide bakarra" bertan geratzea dutela.
Emandako desalojo prozesua salatzeko tartea ere egin zuten. Finean, bertako bizilagunen arabera, poliziak eman zien prozesu judizialaren berri; bai Ertzaintzak bai herriko udaltzaingoak. Ildo beretik, gehitu zuten desalojoaren agindua apirilaren 15ean jaso zutela, hots, estatuko PSOEk gidatutako gobernuak migratzaileentzako ezohiko erregulazioa iragarri zuen egun berean. Etxerik gabe, erregularizatzeko prozesua "zaildu" egiten delarik, argi eta garbi azpimarratu nahi izan zuten Oztarango eskola zaharreko bizilagunen erregularizatzeko prozesuak urratu dituztela Eusko Jaurlaritzak eta Lasarte-Oriako Udalak. "Kapitalismoaren eta instituzioen utzikeriaren aurrean", adierazi zuten "autogestioa eta okupazioa" direla baldintza duinak lortzeko tresna "erreal" bakarrak.
Bukatzeko, Lasarte-Oriak historikoki izandako "tradizio antifaxista eta erresistentearekin" akordatu ziren. Arean ere, aintzat hartu zuten Oria auzoa "Errusia txiki" izendatu zutela, XX. mendearen hasiera. Diktadura garaiko erresistentzia antifaxista ere gogoratu zuten, eta aurten mende erdia bete duen Michelingo 100 eguneko greba ere bai. Madrasako bizilagunen segurtasuna izan dute desajolorako arrazoi gobernuek, horrenbestez babestu dute "nondik gatozen sekula ahaztuko ez dugunaren segurtasunaz" ariko direla haiek, "handik gatozelako eta ez dugulako inora joateko asmorik".
Testua irakurri ostean, desalojoaren aurkako helegitea jartzeko fitxak banatu zituzten. Lasarteoriatarren babesa hain handia izan zen, ekarritako paperak ez zirela denontzako ailegatu.
Datozen hitzordua
Manifestazioarekin amaitu aurretik, gai honi heltzeko, agerraldiaren antolatzaileek herritar oro gonbidatu zuten hilaren 21ean, hau da, datorren astearteko batzar irekian parte hartzera. Xirimiri elkartean bilduko dira.