Udalak azaldu du 2002. urtean utzi ziola eraikinak hezkuntza erabilera ikastetxe izateari, eta harrezkero Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza sarean sartu zela; gauzak horrela, "bi hamarkada baino gehiagoz" Berritzegune gisa erabili dute. Duela urtebete baino gehixeago, aipatu administrazio horrek instalazioa uztea erabaki zuela azaldu du udalak, eta horren zergatia zein izan zen ere aritu du: "egitura arazo teknikoak". Gaineratu du problema horiek "txosten espezializatuen bidez" egiaztatu zirela, eta "segurtasun arrazoiengatik instalazioa hustea" gomendatu zutela. Hala ere, gaur egun udalera itzultzeko administrazio prozesua ez da osatu.
Erabilerarik gabe geratu ondoren, aipatu eraikinak "bandalismo ekintzak" izan zituela, eta horien ondorioz "larriki hondatu" zela ere gaineratu du: "Are gehiago larritu zuen egituraren ikuspegitik jada kaltetua zegoena".
Hori horrela, udalak adierazi du azken hilabeteotan "bizpahiru pertsona" antzeman direla eraikin barruan "une jakin batzuetan eta modu ibiltarian". Azken egunetan, ordea, egoera hori "nabarmen areagotu" dela ere azaldu du: "Noizean behingo presentzia horretatik, 20-25 pertsona baino gehiagora igaro da bost egunetan".
Egoera horren aurrean, udalak esan du "pertsonen segurtasuna bermatzeko helburu nagusiarekin" jokatu duela; esku hartu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren baimena eskatu eta hori jaso ostean, eraikina husteko agindua eman du (alkate dekretu bidez egin du hori). Azaldu duenez, dagoeneko erabaki hori jakinarazi diete eraikinaren barruan dauden pertsonei.
"Segurtasun irizpideei erantzuna"
Hala, jarduketa horrek "segurtasun irizpideei soilik" erantzuten diela esan du udalak, "eraikinaren egiturazko arriskua eta osasungarritasun baldintzak" kontuan hartuta. Gauzak horrela, jakinarazi du eraikina "benetan ixteko prozedurari" ekin diotela, "pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen egoerak saihesteko asmoz".
Hilabeteotan "inguruko bizilagunekin harremana" izan duela ere adierazi du; haien "kezkei erantzun eta egoeraren bilakaeraren berri modu gardenean eman" diela.
Nabarmendu du hartutako erabakiek segurtasun publikoaren arloan "instituzioek duten erantzukizun saihestezinari" erantzuten diola. Era berean, gogorarazi du erabaki horiek hartzeak eragiten dien pertsonen egoerak "administrazio eskudunen arteko erantzun estrukturala eta koordinatua" eskatzen duela, "udal eremu hutsetik haratago".
Azkenik, inplikatutako eragile guztiei "arduraz jokatzeko deia" egin die erakundeak, "egoera konplexu baten aurrean zorroztasunez eta zuhurtziaz jokatzeko". Hala, esan du "lehentasuna beti "pertsonen babesa eta segurtasuna" izan behar direla.