Okendo enparantzaren eta Mercero plazatxoaren atzealdeko tokia Askatasunaren parkea den bezalaxe, Mendebaldeko Sahara herrialde askea izatea dute amets eta aldarri bertakoak direnek, helduek zein haurrek. Tamalez, hori oraindik ez da horrela eta bertako gaztetxoek hona etorri behar izaten dute udara igarotzera, gerratik urrun.
Oporrak Bakean egitasmoa aurrera eramaten dutenak arduratzen dira horretaz. Gure udalerriaren kasuan Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eta udala aritu dira Tolosaldea Saharearekin eragilearekin lankidetzan; horregatik daude gurekin Salemtu, Bahia, Abdi, Larabas eta Hassana. Aurreneko lauak utzitako udal etxebizitza batean bizi dira eta bosgarrena, berriz, Puyada-Zatarain familiarekin batera. Azken sendi horrek eman zuenez izena boluntario gisa, ume gehiago ekartze aldera ondu dute Uda bat, bihotz bat: denon artean 5 haur saharar errefuxiatu Lasarte-Oriara proiektu pilotua. Eguneroko arretaz arduratzen diren monitoreak, kiroldegia zein udako udal txokoak erabiltzeko aukera eta 10.000 euroko diru ekarpena dira ezaugarriak. Egitasmoa garatzeko behar diren joan-etorriak, egonaldiak eta itzulpen- eta laguntza-zerbitzuak ordainduko dituzte horrekin.
Udan, Tinduf-eko (Aljeria) desertuan 55ºtik gorako tenperatura "jasangaitzak" nozitzen dituzte, eta gurean, "oinarrizko beharrak" asetzen dituzte. Elikadura egokia jasotzen eta osasun azterketa sakonak ere egiten dizkiete. Finean, bestelako errealitate bat ezagutzen dute. Desertuko hareatik harago, haur horiek lehen aldiz itsasoa, igerilekua, mendia, zuhaitzak, loreak eta errekak ikusi eta sentitzeko aukera ere badutela azpimarratu dute ekimenaren arduradunek.
Esperientzia "ahaztezina"
Aipatu eragile horietako ordezkariak, udako udal txokoetako partaide eta begirale talde bat eta Fronte Polisarioa erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Moujtar Labuehi bertaratu ziren atzoko (hilak 9) harrera ekitaldira. Azken horrek eskerrak eman dizkie familiei, ordezkari politikoei eta eragileei: "Euskal Herrian beti eman diguzue udara zuekin ederki igarotzeko aukera; eskerrik asko zuen oporraldiak eta denbora librea gure herriko haurrak hartzera bideratzeagatik". Agustin Valdivia alkateak ere hartu zuen hitza: "Uda hau zuentzat esperientzia ahaztezina izatea espero dugu, lagun berri asko eginda eta zuen etxeetan bezala sentituta".
Ekitaldiari ekin aurretik angurri eta meloi zati freskoak jan dituzte haurrek hamaiketakorako. Sorpresa polit ugari ere jaso dituzte, izan ere, udako udal txokoetan parte hartzen ari den gaztetxo talde batek dantza berezia egin die; horrez gain, bakoitzari baloi bana oparitu diete, guztien sinadurekin. Bestalde, udal ordezkariek zein Fronte Polisarioko ordezkariak motxilak eta egunero erabiliko dituzten beste gauza batzuk oparitu dizkiete.