Proiektu berri bat, Saharako haurrek uda herrian igaro ahal izan dezaten

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 4a

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak, Tolosaldea Sahararekin Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi dute neguan elkarlanean egindako sentsibilizazio kanpainaren ostean, familia bakar batek eman duela izena uda honetan harrera familia izateko. Horren aurrean, aipatu eragileek buru-belarri lan egin dute haur gehiagok herrira etortzeko aukera izan dezaten Oporrak Bakean egitasmoari esker. Horren emaitza da 'Uda bat, bihotz bat: Denon artean 5 haur saharar errefuxiatu' Lasarte-Oriara lelopean aurrera eramango duten proiektu pilotua. Hori aurrera eramateko "ezinbestekoa" izango da herritarren laguntza, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Uda bat, bihotz bat: Denon artean 5 haur saharar errefuxiatu Lasarte-Oriara lelopean aurrera eramango duten proiektu pilotuaren helburua da beste lau haurren etorrera bermatzea, haur horiek kanpamentuetatik irteteko premia larria baitute. Udan, Tindufeko desertuan 55ºtik gorako tenperatura "jasangaitzak" nozitzen dituzte, eta gurean "oinarrizko beharrak asetu" ahal izango dituzte. Elikadura egokia jasoko dute, eta osasun azterketa sakonak ere egingo dizkiete; finean, bestelako errealitate bat ezagutuko dute. Desertuko hareatik haratago, haur horiek lehen aldiz itsasoa, igerilekua, mendia, zuhaitzak, loreak eta errekak ikusi eta sentitzeko aukera ere izango dutela azpimarratu dute ekimenaren arduradunek. Gainera, beraien herriaren egoera gogorra lau haizeetara zabaltzeko "enbaxadore txiki" gisa arituko dira gure artean.

Komunitatearen indarra: etxe bat denon artean

Haur horietatik lauk herrian utzitako etxe batean igaroko dute uda, eta uneoro begiraleen laguntza eta zaintza izango dute. Proiektu "interesgarri eta aberasgarri" hori aurrera eramateko, ordea,  herritarren babesa "ezinbestekoa" izango dela ere ohartarazi dute: "Gazte horiek ekipajerik gabe datoz, soinean dutenarekin bakarrik, eta gure esku dago bi hilabetez Lasarte-Oria oporleku soil bat izan beharrean, beraien bizitza hobetuko duen komunitate solidario bilakatzea". 

Herritar bakoitzak bere aukeren arabera egin dezake ekarpena, hala nola haurrak herrira etorri aurreko prestaketa lanetan edota gaztetxo horien oporraldian zehar burutu beharreko zereginetan. Babesleak ere ezinbesteko dituzte. Horien ekarpenarekin, haurren bidaia gastuak edota bi hilabeterako elikadura gastuei aurre egin ahal izango die Oporrak Bakeanek. Hala, ohartarazi dute aurrera eramango dituzten ekintzak finantziatzeko pultsera batzuk jarriko dituztela salgai. Herriko komertzioetan erosi ahal izango dira horiek, bi euroren truke. Herriko tabernetan itsulapikoak ere jarriko dituzte, hala nahi duen orok bertan bere ekarpen ekonomikoa ere egin dezan. 

Materialen dohaintzak egiteko aukera ere badago. Hilaren 1etik 14ra bitartean bilketa kanpaina berezia aurrera eramaten ari dira herriko hainbat lekutan: Udal Liburutegia, Gaztelekua, Biyak Bat, Semblante Andaluz eta Extremadurako Etxea. Bestalde, ikastetxeetan elikagaiak biltzen ari dira eta farmazietan, berriz, kaxa bana jarri dute haurrentzako ibuprofenoak, botikineko materialak eta kremak pilatu nahi dituzte. Herriko saltoki ugari ere batu dira ekimenera eta 2 eurotan ari dira pultserak saltzen: Optica Irigoyen, Ormazabal loradenda, Sukoa, Urruzola mertzeria, Amali jolas denda, Orbela belar denda eta Berasategi kafeak. Azkenik, itsulapikoak jarri dituzte ondoko tabernetan, bezeroek dohaintzak egin ditzaten: Arkupe, Kairos, Herriko Etxea, Gure Etxea, Jalgi, Insausti, Ilargi eta Andatza taberna.

Edozertan laguntzeko prest dauden herritarrek edo informazio gehiago behar dutenek 656 77 81 97 telefono zenbakira deitu edo sahararekinlasarteoria@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete. "Keinu txiki bakoitzak zerbait handiagoa erakitzen duelako... Izan haur hauen babesle!", aldarrikatu dute.