Elizkizuna eta omenduei aintzatespena, patroiaren egunean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 29a

San Pedro goiz entretenitua izan dute lasarteoriatarrek. Patroiaren eguneko Meza Nagusiak abiarazi du astelehena, eta, urtero lez, fededun ugari bildu da San Pedro Elizan. Ohikoa den moduan, Erketz EDTko dantzariek ez dute hutsik egin; bertan izan dira, eta eurak arduratu dira Aurreskua dantzatzeaz

Bien bitartean, Xumela koruko kideek kantu jira aurrera eraman dute 11:30etik aurrera. Aurretik sabelak ondo bete eta indarrak hartzeko, hamaiketako ederra egin dute Jalgi kafe antzokiaren atarian, Sagardotegi kalean. Bizipozaren koloretako zapiak lepoan lotuta, kantuan aritu dira gero herriko kale eta txokoetan barrena. TXINXTARRI-ko lagunok, gainera, sorpresa ederra jaso dugu aipatu kantu taldearen partetik; abesti bat eskeini diote aldizkariari, baita Isaac Farreri ere, "egunero-egunero euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duen lana eskertzeko". 

12:30ean, berriz, herri kirolen erakustaldia ikustera bertaratu dira herritarrak. Eguraldi txarra medio, Elizatze plazan ez, BM supermerkatu atarian egin dute erakustaldia kirolariek, babesean Harria jasotzen, ingudean eta aizkoran ibili dira, besteak beste, eta zale ugariren animo eta txaloak jasota, erakustaldi ederra eskaini dutek denek ala denek. 

Lau hamarkada pasatxoko ibilbidea, Lasarte-Orian

Lasarte-Oriako Gurutze Gorriari omenaldi instituzionala egin diote, 13:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Esker onez eta hunkituta jaso dute aipatu eragileko ordezkariek aintzatespena. Amaya Goyaranek hitz egin du Lasarte-Oriako Gurutze Gorriaren ordezkari gisa, eta adierazi du aitortzak "urte luzez egindako bidea" balioan jarri duela. Gaineratu du Gurutze Gorriaren "ardatz eta bihotz" diren boluntarioen lana jarri duela erdigunean.

Gurutze Gorriak 160 urte baino gehiagoko historia du; hala jakinarazi du Goyaranek, eta esan, "gizatasuna, neutraltasuna nahiz independentzia" bezalako oinarrizko printzipioak dituela gidari, betiere "pertsona guztien duintasuna babesteko eta inor atzean ez uzteko" helburuarekin. Hala, azaldu du aipatu eragilean aritzen diren boluntarioen egitekoa larrialdi handietan egotea bada ere, "isilean eta eguneroko errealitate ikusezinetan laguntzea" ere badela horien egitekoa: "Pertsona hauek beren denbora eta energia eskaintzen dituzte, eta prozesu horretan, besteen bizitza hobetzeaz gain, mundua beste modu batera begiratzen eta entzuten ikasten dute". 

Lasarte-Oriako Gurutze Gorria taldeak ibilbide luzea urratu du dagoeneko, 1984an sortu baitzen boluntarioren bultzadari esker. Ekitaldian bereziki gogoratu ditu herriko taldea martxan jartzea posible egin zuten "aitzindariak, gaur egun ari direnak eta etorriko direnak". Azpimarratu du berrogeita bi urte hauetan taldea "herriaren beharretara" egokituz joan dela.

Hitzartzea amaitu aurretik, elkarlanean eskutik hartuta dabiltzan erakundeak ere gogoan izan ditu, horien artean Lasarte-Oriako Udala. 

Agustin Valdibia alkateak ere hitz batzuk eskaini dizkie, ekitaldiaren hasieran, omenduei. Esker hitzak izan dira, eta askotariko kontuak plazaratu dituen arren, boluntariotza lanari egin dio azpimarra berezia: "Boluntariotza ez da inprobisatzen. Iraunkortasunez, prestakuntza eta entregarekin, eta batez ere, balio handia duen erabaki pertsonal batekin eraikitzen da gehien behar denean besteentzat eskuragarri egotea da". Lasarte-Oriarekiko beti erakutsi duten "konpromisoa" ere eskertu die.

Hitzartze horien tartean, Erketz EDTko dantzariek Agurra dantzatu diete, eta emanaldi osoan zehar, Zero Sette Akordeoi Taldeko lagunek ere musika pieza bat baino gehiago jo dituzte.

Erlazionatuak

San Pedro Eguneko elizkizuna

Txintxarri Aldizkaria eka 29, 16:13 Kultura

Alboka abesbatzak kantatu du Meza Nagusian

Txintxarri Aldizkaria eka 29, 16:16 Kultura

Gurutze Gorriari omenaldi instituzionala

Maddi Noriega Zaldua eka 29, 16:21 Kultura