Pilotari gazteak izan dira igande goizeko protagonista nagusiak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 28a

Pilota txapelketako finalak jokatu dira igande goizean Loidibarren pilotalekuan. Hiru mailatako gazteak aritu dira nor baino nor. Ostean, Txaranga del Oriak girotu du erdigunea

Benjaminena izan da lehen partida; Aiur Jauregi eta Oier Arruabarrena bikoa, Iraitz Izagirre eta Jon Murilloren aurka aritu dira. Hamasei tantora jokatu dute, eta Jauregi eta Arruabarrena izan dira garaile. Horien atzetik, berriz, alebinek jokatu dute. Alain Polvorosak eta Gari Lasak, Amets Sanchez eta Eñaut Suberbiola izan dituzte aurkari. Neurketa parekatua izan da (10-10), baina, azkenean, Polvorosak eta Lasak lortu dute garaipena. Hirugarren eta azken norgehiagoka infantilena izan da. Alebinek bezala, hemezortzi tantora jokatu dute horiek ere, eta Irai Jauregi eta Arkaitz Lasa, Iker Garcia eta Julen Sagastibeltzaren aritu dira jokoan. Azken bi horiek izan dira txapeldunak.

Sari banaketa 

Partidak amaituta, sari banaketa egin dute arduradunek. Finalak jokatu dituztenek ez ezik, txapelketan aritu diren Intza Pilota Elkarteko gainerako pilotariei ere eman dizkiete. Pozik, gustura jaso dituzte denek ala denek trofeoak eta agurtu aurretik, argazkiak ere atera dituzte. 

Eguerdian, berriz, Txaranga del Oriak hartu ditu herriko kaleak. Talde hori osatzen duten musikariak arduratu dira bazkalaurreko tarteari doinua jartzeaz, eta lortu dute, ederki lortu, gainera. Jaizkibel plazatik abiatu dira, eta herrian barrena egin dute euren saioa.

Erlazionatuak