'Atzera Begirada Bat' lanari buruz hitz egin aurretik, etorkizun hurbilean datorkizuenari begiratuko diogu. Kontzertua emango duzue sanpedroetan. Laukote gisa, aurreneko emanaldia izango da.
Orain arte egin ditugun probekin oso gustura geratu gara eta bai, Okendokoa izango da oholtza handi batean emango dugun aurreneko kontzertua. Azterketa izango da nolabait esatearren eta errespetua ematen digu, baina, batik bat, gozatzea izango da gure asmoa. Zuzeneko emanaldien etapa hasteko oso gogotsu gaude eta diskoan entzun daitekeenera ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko gara. Pop-rock estiloa da nagusi baina gitarra gogorrak ere badaude.
Beñat Bobillo Bobi herrikidea, David Vila, Ibon Kazalis eta nik osatzen dugu laukotea. David kataluniarra da eta Bobik fitxatu zuen, gitarra irakasten ziolako. Ibon, berriz, bistaz ezagutzen genuen eta Gure Lasarte Zikiña egitasmokoek antolatutako emanaldi batera etorri zen Bellum taldearekin. Gustatu zitzaigun zuzeneko hori eta batzea proposatu genion.
Orain arte egin ditugun probetan ikusi duguna gustatu zaigu. Oholtza handi batean aurrenekoz ariko gara eta azterketa izango da, egun handia, batik bat disfrutatzeko eta zuzenekoen bidaiari hasiera emateko.
Taldekideetako bi, Bobi eta zu zeu, hemengoak zarete. Norberaren herrian jotzea bereziagoa da?
Pertsonalki, hemen jotzeak errespetu gehiago ematen dit eta urduriago nago, tripan sentitzen dudana desberdina da. Gogoratzen naiz duela hiru urte aurkeztu genuela Kinada taldekoak ginenok bigarren diskoa eta orain itzultzeko aukera izango dut baina proiektu pertsonal batekin. Lan txukuna egin dugu orain arte eta uste dut erakutsiko dugula zuzenekoetan.
Aske jaialdian iaz egin genuen emanaldiaz gogoratzen naiz, hori izan delako orain arte ekitaldi jendetsuena. Gozatzera joan ginen eta borobila atera zitzaigun emanaldia. Plaza honek askoz ere urduriago jartzen nau (barreak). Begirada ezagunengatik izango da, badakit baietz, baina uste dut lan txukuna egin dugula orain arte eta lortuko dugula zuzenekoetan islatzea.
Bobirentzat ere berezia izango da, ziur. Esperientzia gehien duen taldekidea da eta kontzertu gehien berak eman ditu, zita garrantzitsua da eta sekulako lana egin du proiektuari forma ematen bai diskoaren maketa grabazioetan, ekoizle lanetan nirekin batera. Egindako lan izugarriari gingatxoa jarri nahi diogu kontzertuekin.
"Urteotan egindako lanari gingatxoa jarri nahi diogu kontzertuekin"
Duela hiru urteko kontzertu horretaz gogoratu zara. Gauza asko aldatu dira tarte horretan, ezta? Egindako ibilbidearen barruan, non kokatzen duzu 'Atzera Begirada Bat' lana?
Kinada taldeko kide nintzenean gogoa sentitu nuen gauza berriak esploratzeko. Herrian, parrandan ginela, Hazasekin hitz egin nuen: ea noizbait egingo genuen zerbait elkarrekin bakoitzaren estiloa oso desberdina izanda ere. Kantuak sortzen hasi gineneko audioak gordeta ditugu eta lotsa ematen digu entzuteak (barreak). Lan horietako baten bozetoa erakutsi nion orduan nire gitarra irakasle zen Bobiri eta hasieran harritu samar geratu bazen ere, batu eta zuzeneko proiektuari ekin genion. Hasi aurretik, hori bai, argi esan genion elkarri iraungitze data jakin bat izango zuela.
Zenbat Gau eta Denbora abestiak atera genituen eta zuzenekoak eman bitartean beste kantu batzuk landu genituen Bobik eta biok: Argiak Itzaltzean eta Bihar Ere. Hor, oraindik, diskoarena ez geneukan argi, baina oinarria bagenuen.
Hilabeteak pasa eta gustura ari ginela ikusten genuenez, aurrera jarraitzea erabaki genuen eta azkenean aurtengo martxoaren 28an argitaratu genuen Atzera Begirada Bat. 11 kantu ditu eta guztiek dute lotura estiloari eta zeresanari dagokienez.
Sakondu dezagun bi alor horietan. Zeintzuk dira diskoaren estiloa eta zeresana? Azken horri dagokionez, izenburuak ematen du pistaren bat edo beste.
Gai ugari jorratu ditugu eta, bakoitzak bere ezaugarriak izan arren, berbera izan da abiapuntua: atzera begiratu, gauzak nola zeuden ikusi eta gaur egun nola dauden. Abesti batzuen kutsua ezkorra da baina mezu positiboak ere badaude, adibidez, aurreneko abestian, Joan Zinen Egunetik izenekoan. Gaixotasun mentalez hitz egiten du, abstraktuki.
Atzera begiratzeko dei hori aldarria ere bada? Gizarte frenetiko honen zurrunbilotik atera, tarte bat hartu eta egindakoa errepasatzekoa? Eta ez hori bakarrik, baizik eta bizitzako edozein unetan egitekoa? Gazteak zarete zuek eta horrelako ariketak beharbada lotuago daude adinekoagoak diren pertsonekin.
Duela pare bat hilabete-edo kazetari batek galdetu zidan horri buruz, ea 30 urte izan ez eta dagoeneko atzera begiratzen ote genuen, nostalgiaz. Erantzun genion gure bizitza hiru aldiz azkarrago doala; beste inork baino gehiago ez dugu bizitu baina gure esperientzia desberdina izan da. Azken Dantza abestian, esaterako, erritmo frenetiko hori kritikatu dugu, bai kanpotik ezartzen digutenera begira, baina baita autokritikoki ere, ni bainaiz aurrenekoa mila kontutan sartuta dabilena.
Bestalde, aldarrikatzen dugu ez dagoela une txarrik atzera begiratzeko. Hausnarketara eramaten zaitu, atzo bertan egin zenuena baloratzera, adibidez. Beti da momentu ona ariketa hori egiteko.
"Aldarrikatzen dugu ez dagoela une txarrik atzera begiratzeko"
Martxoaren 28an kaleratu zenuten diskoa eta igaro dira ia hiru hilabete. Tarte horretan, zer-nolako ekarpenak, iruzkinak, kritikak… jaso dituzue? Nolako harrera izan du albumak?
Orain arte jasotako ekarpenekin zaila da argazki orokorra egitea oraindik. Kontuan izan behar dugu proiektuari ekin genionak, Hazas, Bobi eta ni musika mundu oso ezberdinetatik gatozela eta bakoitzak feedback edo elkarreragin desberdina jaso duela. Halere, oro har iritzi positiboak helarazi dizkigute, askok esan didatenaren arabera ez zuten uste instrumentalki horren gogorra izango zenik. Melodiak oso poperoak dira baina egia da bi estilo horiek fusionatzea bilatu dugula.
Onak ala txarrak izan, ekarpen guztiak dira aberasgarriak. Horien barruan, beste musikari batzuek egindako iruzkin teknikoei gehiago erreparatzen diet, hobetzea ahalbidetuko digutelako.
Ongi ezagutzen duzuen Ozen estudioan ekoiztu duzue albuma. Nolakoa izan da prozesua?
Zuzendaria, Jurgi [Taboada], bidelagun bihurtu da azken urteetan. Musikarekin zerikusia duen eta ez duen edozer gauza komentatzen dugu, konfiantza osoko pertsona da. Bobirentzat, esaterako, aurkikuntza handienetako bat Jurgi ezagutu izana dela esango nuke. Badaki nola funtzionatzen dugun, nola lan egiten dugun. Produkzio lanetan Bobi eta biok aritu gara bere etxean alor instrumentalean, ni gehiago arduratu naiz letrak-eta idazteaz eta bateriak Oihan Agirretxek grabatu ditu.
Bide izugarria egiten ari gara guztiontzat oso aberasgarria izaten ari dena. Gustatzen zaiona eta ez zaiona esaten diogu elkarri eta hori oso inportantea da, harreman oso gertukoa dugu eta eskertzekoa da. Hori horrela izanik, egia da gerta daitekeela urte luzez elkarrekin pertsona berberek lan egiteak bizioak-eta ekartzea baina baina gure kasuan ez da horrela, inondik ere.
Entseguetan eta zuzenekoetan gurekin egon ez arren, egitasmoko pertsona garrantzitsuetako bat da.
Albuma oso kolaboratiboa izan da eta ez abestietan parte hartu duten gainerako musikariengatik bakarrik, baita beste alorrengatik ere: azaldu berri duzun ekoizpena, grabaketa, diseinu lanak... Horrek ere balioa eman dio diskoari, ezta?
Horrelako lan bat egiteak asko bete nau eta dena balio du gertuko eta konfiantzazko pertsonekin aurrera eraman izanak. Kuadrillako lagunak [Bihar Ere abestian parte hartu dute], abestietako bateriak grabatu dituen Oihan Agirretxe, diskoa ekoiztu duen Ozen estudioko zuzendari Jurgi Taboada eta albumaren euskarri fisikoa diseinatu duen Sara Etxeberria Basoko Maxuxta artista. Oso-oso gustura aritu gara horiekin guztiekin; proiektuaren parte dira.
Disko fisikoa sanpedroetarako iritsiko da eta gure asmoa da aste horretan bertan jasotzea eskaerak. Horrez gain, argazkien bidez erakutsiko dugu euskarri fisikoaren barrualdea eta letrak nola diseinatu dituen Sarak.
Sanpedroetakoaz gain, emanaldi gehiago izango dituzue? Udara kontzertu askoko urtaroa izan ohi da musikariak zaretenontzat.
Baga-Bigakoekin ari gara udarako datak ixten eta aurrerago iragarriko ditugu. Baina bai, Lasarte-Oriakoaz gain emanaldi gehiago egingo ditugu.