Lasarte-Oriako Gurutze Gorria omenduko dute sanpedroetan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 3a

Txus Alonso eta Agustin Valdivia, kartel irabazlea eskuetan dutela.

Boluntario talde horrek "komunitate gisa definitzen gaituzten balioekin bat" egiten dutela nabarmendu du Agustin Valdivia alkateak: "Elkartasuna, konpromisoa eta zerbitzua dira euren ezaugarri nagusiak". Hilaren 26ko helduen txupinazoa jaurtiko dute, 19:00etan, eta omenaldi instituzionala jasoko dute bi egun geroago, kultur etxean. Ekimen horiek eta prestatzen ari diren beste guztiak jasoko dituen programa ilustratuko duen afixaren berri ere eman dute agerraldian: Jesus Garcia Vivar burgostarraren 'Intxisu txupinazoa' lana saritu dute.

Hiru aste pasatxo falta dira San Pedro Jaietarako eta horri lotutako bi konturen berri eman dute udal ordezkariek gaur goizean: batetik, Lasarte-Oriako Gurutze Gorria eragileko boluntarioei egingo dietela aitortza; eta bestetik, Jesus Garcia Vivar ilustratzaile burgostarraren Intxisu txupinazoa kartela izango dela festetako irudia, besteak beste, ekimenen programa ilustratuko duelako.

Omendua aukeratzea "lan zaila" dela aitortu dute Agustin Valdivia alkateak eta Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok. Parte hartze prozesuaren bidez 62 proposamen jaso zituzten eta horietatik hamabost eraman zituzten udal gobernuko kideen bilerara, azken erabakia hartzeko. Hori horrela, 42 urteko ibilbidea (1984ko maiatzean hasi ziren lanean) duen eragilea aintzatetsiko dute: "Lau hamarkada baino gehiagoz udalerriko bizitzaren parte izan den erakundearen jarduna aitortuko dugu", jakinarazi dute. Gaur-gaurkoz 50 bat lagunek osatzen dute taldea eta herritar askok festetan, kirol ekitaldietan edo topaketa jendetsuetan parte hartzeagatik ezagutzen dituzte, nahiz eta euren lanaren zati handi bat "fokuetatik urrun" burutzen duten, gizarte esparruan hain zuzen ere. "Komunitate gisa definitzen gaituzten balioak ordezkatzen dituzte: elkartasuna, konpromisoa eta zerbitzua", nabarmendu du Valdiviak.

Jakinarazpena "pozarren" hartu dutela zehaztu dute Alonsok eta Valdiviak. Gauzak horrela, hilaren 26ko helduen txupinazoa jaurtiko dute udaletxe berriko balkoitik, 19:00etan. Bi egun geroago, eguerdian, kultur etxeko auditorioan, omenaldi instituzionala jasoko dute boluntarioek.

Kartel irabazlea

Goizeko prentsaurrekoa baliatuko dute jakinarazteko Jesus Garcia Vivar burgostarrak egindako Intxisu txupinazoa afixak irabazi duela lehiaketa. Hori horrela izanik, "laster" aurkeztuko duten sanpedroetako jarduera programa ilustratuko du. Alonsok azaldu duenez, 31 lan jaso zituzten eta "herriko kide profesionalek" osatutako epaimahaiari eman zizkioten, eurek delibera zezaten. "Aurreneko aldiz hautagaien proposamenak aztertu ostean zortzi aukeratu zituzten eta horien artean beherala izan zuten garbi Vivarrena zela irabazlea". 600 euroko saria jasoko du egileak.

Lan horretan sanpedroetako ekimen sinbolikoenetako bat da protagonista: txupinazoa eta, batez ere, zerurantz igo eta eztanda egitear den suziria. Artefaktu horri erreparatuz gero, Sorgin Dantzako jantziekin apaindutakoa dela jabetuko dira herritarrak. Behealdean Okendo plaza eta herri erdiguneko beste zenbait toki ikusten dira, baita enparantza lepo bete duten bizilagunak ere.