Eskualdeko emakumeen talentua ikusarazi dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 25a

Konektatuz topaketako mahai inguruan parte hartu zuten emakumeak eta ordezkari politikoak. Argazkia: Beterri-Buruntza Mankomunitatea.

Beterri-Buruntzako emakumeen lidergoari, ekintzailetzari eta talentuari buruz hausnartu dute 70 pertsonak baino gehiagok Konektatuz topaketaren aurtengo edizioan, Astigarragan. Eskualde horretako sei pertsonak parte hartu dute mahai inguruan eta euren ibilbide profesionalez, erronkez eta bakoitzaren ikuspegiaz mintzatu dira, besteak beste.

ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak antolatu du jarduera hori Beterri-Buruntza Mankomunitatearen, Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete laguntzaileei eta parte hartzaileei, joan den ostegunean Astigarragan egindako jardunaldia "inspiratzailea eta aberasgarria" izan zelako. 

Esan bezala, mahai ingurua izan zen Konektatuz topaketako ekimen nabarmenena. Nerea Basurto Arraztiok moderatu zuen eta eskualdean erreferente diren sei emakume solastatu ziren: Eider Manso Garmendia, Bexen Medical eta Ferdoux Estructuras enpresetako pertsonen garapen eta ongizatearen kudeatzailea; Maria Magdaleno Fernandez, Magdasstudio eta Neboa Home-ren sortzailea; Maria Herrero Eizmendi, HERREKOReko kudeatzailea; Norexis Carilin Norellas Araujo, Chimeneas Erre Berri-ko bazkidea; Silbia Robson Goikoetxea, Laboral Kutxak Hernanin duen bulegoko zuzendaria; eta Sonia Valor Cuadrado, Baihome Higiezinen Zerbitzuen sortzailea. Gai ugari izan zituzten hizpide, hala nola ondorengotza prozesua, ekintzailetasuna, industria enpresa familiarren ondorengotza, talentuaren ongizatea, industrian berrikuntza edota migrazio prozesu baten ostean gure lurraldean integratzea.

Topaketara bertaratutakoek eta hizlariek tarte bat hartu zuten horren ostean ideiak eta esperientziak trukatzeko.