Pausoz pauso egituratu dute 2022. urte hasieran sortutako Beterri-Buruntza Mankomunitatea, guztiz operatiboa izateraino. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil udalerrien borondatez eratutako erakundea buru-belarri ari da lurralde horretako biztanleen ongizatea areagotzeko jarduera eta zerbitzu bateratuak ematen, misio honekin: Beterri-Buruntzako egoera sozioekonomikoa indartzea. Hori horrela izanik, gure lurraldea indartzeko urrats gakoa da; bestela esanda, eskualdearen garapen integralerako motorra da eta izango da.
Mankomunitatearen jardun esparru nagusiak hauek dira: herritarrak, herriguneetako negozioak eta lurraldeko enpresak. Herritarrentzako zerbitzu egonkor eta egitasmo desberdinek beraien bizi kalitatea hobetzea dute helburu, gizarteratzea eta lan munduratzea erraztuta. Aurrena, identifikatzen dituzte erabiltzaile bakoitzaren gaitasunak, gero prestakuntzaren bidez sustatu eta aukera egokiekin konektatzeko. Lan horren zutabea aukera berdintasuna denez, inor atzean ez geratzeko diseinatu dituzte Enplegu eta Prestakuntza saileko langileek.
Beste alde batetik, Ekintzailetza saileko beharginak negozio berriak sortu nahi dituzten pertsonen bidelagunak dira, negozio bat hutsetik abiarazi nahi dutenetatik hasita eta ondorengotza bilatzen ari den eta eskualdatua izan daitekeen jarduera ekonomiko batekin jarraitu nahi duteneraino. Dirulaguntzei buruzko informazioa eta doako aurrez aurreko formakuntzak ere ematen dituzte.
Hirugarrenik, lurraldeko edozein sektoretako enpresei lehiakorrak eta iraunkorrak izaten laguntzea da Enpresa eta Sustapen sailekoen zeregina. Hiru esparru estrategiko lantzen dituzte: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Horietako bakoitza garatzen dute etengabeko aholkularitza zerbitzuaren, aldizkako formakuntza aurreratuen, dirulaguntzen zein doako egitasmo zehatzen bidez.
Ateak zabalik ditu lantaldeak eta herritarrak nahiz enpresak animatzen ditu baliabideak erabiltzera, honetarako: etorkizun oparoagoa, ekologikoagoa eta sozialki inklusiboagoa eraikitzeko.
"Ezin hobeto aholkatu naute"
ANDONI ARZALLUS ARENZA
Eraiki eta konpondu. Hori da Andoni Arzallus usurbildarrak egiten duena euskal musika instrumentu tradizionalekin, Arenza tailerrean. Hobby gisa hasi zena profesionalizatzea erabaki eta orduan jo zuen Mankomunitatera, lagun batek gomendatuta "Autonomo gisa alta emateko urratsak, kontu legalak... Gezurra dirudi baina tramite asko egin behar dira eta ezin hobeto aholkatu naute hasiera-hasieratik; behar nuen informazio eta laguntza guztia eman didate. Haiengana jotzea gomendatzen dut, inolako zalantzarik gabe".
"Euskarri oso irisgarria da"
EIDER MANSO FERDOUX
Hernaniko familia enpresa bat da Ferdoux Egiturak SL. Talentua kudeatzen du bertan Eider Manso lasarteoriatarrak eta esan du "zoragarria" izan dela eskualdean Beterri-Buruntza Mankomunitatea eratu izana. "Euskarri oso irisgarria da guretzat. Edozein galdera, arazo... dugula, hortxe daude". Egin dituzten proiektuen artean nabarmenena "negozioaren eraldaketa digitala" izan da: "Informazioa falta zitzaigun erabaki jakin batzuk hartzeko. Lankidetzari esker, fabrikazio prozesu osoa eta aginte-mahaia egin ditugu".
Doako lau zerbitzu, herritarren zein enpresen beharrei erantzuteko





YOUTUBE
LINKEDIN